Maider Eizmendi Kazetaria
Bizitzaren kantuak
Doctor Deseok Tolosan eskainitako kontzertuan jendea altxa eta barrenak astinduta hasi zen dantzan "Corazon de Tango" kantua abesten hasi zirenean. Gehienek urte mordoxka egin genuen atzera. Nik hamabosten bat, orduan abesten genuen hura azken aldiz entzungo bagenu bezala, indarrez. Entzuten dudan bakoitzen nahi gabean egiten dut salto urte haietara, uda hartara. Gauza bera gertatzen zait Egan taldearen "Behin batean Loiolan" entzuten badut. Aitarekin hondartza bidean egiten nituen kantu saioak oroitzen ditut. Pailazoen kantuak kenduta, hura izango zen seguru aski goitik behera ikasi nuen lehen kantuetako bat; eta banekiela demostratzeko edo, behin eta berriz jartzeko eskatzen nion. Orduan ez zen CDrik eta kasetean atzera egin eta kantuaren hasiera puntuan asmatzea ez zen lan makala izaten. Badira beste kantari eta kantu batzuk, gogoratu ere egin nahiko ez nituzkeenak eta, noski, orri hauetan izendatuko ez ditudanak.
Nork bere bizitzako kantuak ditu, hobeak ala eskasagoak, baina nork bereak finean, sentimendu eta bizipenei lotutakoak; sakonago ala xumeago bizitakoak; lagunekin, bikotearekin edo familian. Iruditzen zait ordea, adinean aurrera egin eta bizitzari soinu-banda jartzeko ohitura hori alboratu egiten dugula. Ni oroitzen naiz hamabost urterekin entzuten nituen kantuekin, ez hainbeste hogeita bost nituenekoekin; eta inguruan ere halako zerbait sumatzen dut.
Ondo pentsatzen jarrita zenbait kantu gogoratzeak ere ez du askorik merezi, ezer gutxi pizten dutelako gure barrenean; gehienera, haserrea. Uda honetan bertan emakumeei batere faborerik egiten ez diguten kantuak entzun ditut behin eta berriz, nazkatzeraino. Eta «kantu bat besterik ez denez», gu han, jira eta buelta hura dantzatu eta abestu; eta, jendeak jira eta buelta kantatu eta abesten duenez, tabernetan jira eta buelta kantu bera.
Bizipenak bor-bor bizi dituzten gazteek sentipen horiei soinu-banda jarriko dieten kantuak jai giroko parrandetatik kanpo bilatuko dituzten esperantza daukat. Urteak pasa eta atzera eginarazten dieten horietakoak, lotsa xumea eta sentipen mordoa sentiarazten duten kantuak.