KANPAINA BARRUTIK | URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK
Babes mezuak urkulluri, baita mintegiri ere
Begoña Errazti, Txema Montero, Paul Rios, Javi Clemente, Toti Martinez de Lezea, Joane Somarriba, Andres Urrutia, Gurutze Beitia... Hainbat jende ezagunek utzi dio mezua EAJko lehendakarigaiari, bideo formatuan, bai laguntza emateko bai erronka, galdera eta eskaera zehatzak planteatzeko. EH Bilduko hautagaiak ere jaso ditu atxikimenduak, «beren herriaren eta ingurukoen askatasuna maite» duten PEN idazleen elkarteko lagunenak.
Maider IANTZI
Hainbeste gazte ezagutzen ditut hain prestatuta daudenak, masterrak dituzte, hizkuntzak ezagutzen dituzte... Baina ez dute lanik, eta horrek pena ematen dit (...) Oinarrizkoa den horrek pertsona guztientzako prezio eskuragarria izatea gustatuko litzaidake, BEZaren igoeratik eta munduko krisi guztietatik salbatzea». Virginia Berasategi triatletaren hitzak dira, ezagutzendudalako.org webguneko bideo batean aditu daitezkeenak.
Kirolari honek bezala, bertze lagun ugarik utzi dituzte bideoak plataforma honetan. Batzuk Iñigo Urkulluren lagun zaharrak dira, berarekin lanean aritutako politikariak; Juan Jose Ibarretxe eta Uxue Barkos, adibidez. Lehendakari ohiak dio lider baten betebeharra goizero-goizero bere komunitatean bizi diren pertsonak zoriontsuago izan daitezen zer egin dezakeen pentsatzea dela; Geroa Baiko diputatuak, aldiz, kontu pertsonalagoak aipatzen ditu ikus-entzunezkoan: «Laguntza eskatu nion eta lehenengo momentutik erantzuna baiezkoa izan zen, nik uste halako momentuek pertsonak definitzen dituztela eta momentu hura beti daukat gogoan».
Baina badira, EBBko presidenteak bere blogean aitortzen duenez, berarekin harremanik izan ez duten pertsonen mezuak ere. «Espresuki egindako galdera edo eskaerak utzi dizkidate, ongizate kolektiboarekin eta konpartitutako etorkizunarekin duten kezkaren seinale. Izugarri eskertzen ditut euren ekarpenak, lagun onenak baino gehiago hori posible baldin bada». Lerro horiek aprobetxatzen ditu «era baikorrean erantzuteko asmoa argi adierazteko».
Idazle lagunen zorion eta animoak
Iñigo Urkulluren modu berean, Laura Mintegik ere hainbat agur jaso ditu. Nazioartetik etorri zaizkio atxikimenduak 2004tik Euskal PEN-eko lehendakaria den EH Bilduko lehendakarigaiari, Katalunia, Bahrain, Uigur, Kurdistan eta Kosovotik, hain zuzen. ehbildu.net-en ikus daitezke denak, baita Mintegiren erantzuna irakurri ere: «Eskerrik asko nire lagun idazleei, beren herriaren eta ingurukoen askatasunaren maitaleei, opari honengatik».
Ahmed Alajmik zorte ona opa dio Bahraindik eta Carme Arenasek zorionak bidaltzen dizkio Herrialde Katalanetatik. Laura pertsona zoragarria dela azaltzen du Arenasek, primeran prestatua, eta berarekin 15.000 poeta, saiakeragile eta narratzaile biltzen dituen PEN nazioarteko idazleen elkartean lan egitea «pribilejio bat» dela nabarmentzen du. Elkarte honen helburu nagusia idazleen arteko kooperazio intelektuala eta tolerantzia sustatzea da, modu honetan herrien memoria transmititzeko literaturak duen paper garrantzitsuari indarra emateko, eta gizartean sor daitezkeen zailtasunen aurrean literatura defendatzeko. Honetaz gain, Mintegik berak ETB2ko «Euskadi pregunta» saioan zentsuraren gainean luzatu zioten galdera baten harira azaldu zuen bezala, PEN «indar guztiarekin» borrokatzen da zentsura politikoaren kontra eta sortzaileen eskubideak babesten egiten du lan, «tirania eta diktadurek berezko dituzten» tortura, kartzela edo hilketak jasaten dituzten sortzaileak defendatzen.
Idazle kataluniarrak hala definitzen du Mintegi: «Pertsona eskuzabala da, trebea, hagitz baliotsua, argi ditu ideiak eta beti lan egin izan du ezin hobeki taldean». Lagunari ez ezik, Euskal Herriari ere ematen dizkio zorionak, eta «aukera zirraragarri» honetarako zorterik onena opa dio.
Kosovotik, Basri Capriqik «idazle ezin hobea eta justiziaren eta hizkuntzen aldeko borrokalaria» dela gaineratzen du; eta Berivan Dosky adiskide kurdistandarra behatzak gurutzatuta agertzen da bideoan, dena ongi atera dadin eskatuz, bere iritziz, EH Bilduko hautagaiak irabaztea «benetan garrantzitsua» baita pertsonentzat. Kaiser ÖzHun Uigur-eko idazlea ere pozarren azaltzen da, Mintegi hautagaia delako.