GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK

Euskararen aldeko «faxismoa» egotzi dio Maneirok Bilduri

GARA | BILBO

Gorka Maneirok, UPyD alderdiko lehendakarigaiak, EH Bilduri Gipuzkoan «faxismo linguistikoa» aplikatzea aurpegiratu zion atzo Radio Euskadin egindako elkarrizketan, koalizio soberanista «antidemokratikoa» dela gaineratuz.

Eredu horren aurrean, «borondatezko elebitasuna» proposatu zuen Maneirok, «euskara inori ez inposatzeko, edo beharrezkoa ez duten administrazio arlo askotan eskatu ez dadin».

Hizkuntza politikaren gaiarekin jarraituz, UPyDko lehendakaritzarako hautagaiak egindako balorazioaren arabera, «astakeria» da Gipuzkoako Aldundiak prentsaurrekoak euskara hutsean ematearen erabakia. «Langileak euren postuetan euskara erabiltzera behartzea kirtenkeria da, baina euskaraz ez dakien enpresa bati kontratu publikoak eskuratzeko debekua ezartzea are larriagoa da», gaineratu zuen Maneirok, neurri hauek «faxismo linguistikoa» direla nabarmenduz, eta «horren aurrean PPk eta PSOEk ez dute ezer egin», salatu zuen.

Independentziari, barre

Lakuako Parlamentuan independentziari buruzko eztabaida izatekotan, UPyDk zer-nolako jarrera izango lukeen galdetuta, Maneirok, ohiko estiloan, garbi azaldu zen: «Euskal estatu independente batean pentsatzea barrea besterik eragiten ez duen zentzugabekeria baino ez da». UPyDko hautagaiaren aburuz, «abertzaletasun banatzaileak haustura bilatzea akats larria dela uste dut, hondamendi ekonomiko eta sozialera eramango gintuelako honelako erabaki batek». Horren aurrean, Maneirok dei egin zien «abertzale ez diren guztiei, armairutik atera zaitezte, esan dezagun argi espainolak garela inolako beldurrik gabe».

UPyDrentzat, etorkizuna «Espainian, Europan eta honen Batasunean» datza, «bi milioiko estatu independentea defendatzea tontakeria hutsa delako».

Arlo ekonomikoari dagokionez, «murrizketak administrazioetan egin behar dira» azpimarratu zuen Maneirok, «gantz gehiegi daukatelako», arrazoitu zuen.

«Ulertezina da bi milioiko komunitate batek lau parlamentu, hiru ogasun, 251 herri edo 400 enpresa publiko izatea, gehienbat, azken hauen artean, gehienek ez dutelako helburu zehatzik», adierazi zuen UPyDko hautagaiak, eta gaineratu zuenez, «murrizketak ezin dira inoiz zerbitzu publikoetan, osasunean edo hezkuntzan egin».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo