GARA > Idatzia > Kultura

Francisco Escudero maisuaren kudeaketa akademikoa goraipatuko dute hiru egunetan

Musikagintzan lan handia egin bazuen ere, oraingo honetan musika eskolen zabalkuntzan eta musikaren irakaskuntzan izan zuen garrantzia nabarmentzeko hiru ekitaldi prestatu dituzte.

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Francisco Escudero maisu eta konpositorearen jaiotzaren mendeurrenean, haren omenezko ekitaldi ugari izan dira aurten. Urrirako ere beste zenbait ekitaldi prestatu dituzte Musikenek eta Francisco Escudero Kontserbatorioak, musikagile zen aldetik egindako lanaz gain, pedagogian izan zuen garrantzia ere goraipatzeko.

Ekitaldi guztiak Koldo Mitxelena Kulturuneko areto nagusian izango dira, 19.00etan. Bihar bertan «La obra de Francisco Escudero: un retro interpretativo» (gaztelaniaz) mahai-ingurua eskainiko dute berarekin zeinbait obra grabatutako musikariek. Hala nola, Marta Zabaleta, Iñaki Alderdi eta Asier Polo Musikeneko irakasleak izango dira bertan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko Iñigo Alberdirekin batera.

Urriaren 17an Jose Mari Aguirrek 2000an konposatzailearen inguruan aurkeztutako dokumentala proiektatuko dute. Maisua hil baino bi urte lehenago grabatutakoa denez, bere gogoetak eta ibilbide luzea biltzen ditu berari zuzenean egindako elkarrizketen bidez.

Urriaren 24an beste mahai-inguru bat izango da, baina alderdi musikala alde batera utzita, musika eskolen alde egindako lana azpimarratzen duena. Bertan Jose Maria Oiarzabal, Mikel Mate, Mikel Bikondoa eta Francisco M. Escudero (Maisuaren semea) izango dira.

Azken hau aitaren izena daraman kontserbatorioaren zuzendaria da gaur egun, bere aita 21 urtez zentroaren gidari izan ostean. Horregatik uste du oso garrantzitsua dela didaktikan egin zuen lana goraipatzea, bera orain egoera berean dagoelako eta eredugarria iruditzen zaiolako. Kontatu zuenez, Maisua izan zen herrietako musika eskolen sustatzaileetako bat, baina aldi berean Donostiako Orkestra eta Banda sortzea ahalbidetu zuena. Horrela, musikaren ikaskuntza deszentralizatu egin zuen eta pertsona gehiagoren eskura jarri zuen.

Patri Goialdek, Musikeneko zuzendari akademikoak, adierazi zuenez, bi arrazoirengatik egingo dituzte ekitaldiak. Alde batetik, Musikeneko irakasle asko Escudero maisuaren ikasle izandakoak direlako, eta horregatik bere obra asko jo dituztelako. Bestetik, gaur egungo ikasleek ere Maisuaren lana ikasten dute eta bere lanarekin harreman handia dute, bai musikalki eta bai pedagogikoki.

BERARI ESKER

Escudero maisuari esker Kontserbatorioan eskusoinu eskolak ematen hasi ziren Estatuan lehen aldiz. Hortik aurrera beste kontserbatorioetara ere zabaldu zen tresna horren irakaskuntza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo