GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Batuketaren faktorea, euskal politikaren ardatz

Banatuta ezina eta batuta etekina, aspaldi dabiltza Euskal Herri osoan indar abertzaleak errealitate berri bat apurka-apurka konpaktatzen. Batuketaren faktore horrekin errotik aldatzen ari da euskal politika, haren norabidea definitzen duen gurpilaren ardatz bilakatuta. Iraganeko mesfidantzak eta ezadostasunak irakasgai, elkarkidetzaren eskutik mugimendu abertzalea bere burua berrasmatuz. Horren adibide garbiak dira Bildu koalizioa, ezpal berekoak diren Amaiur edo EH Bildu, eta Ipar Euskal Herrian, EH Bairen esperientzia edo iazko uztailean aurkeztu zen Bil Gaiten egitasmoa. Den-denak euskal politikaren mugimendu teluriko baten aztarna, etorkizunari aukeren leihoak parez pare irekiz.

Atzo Baionan egin zuten agerraldian, Bil Gaiten egitasmoak jakitera eman zuen buru-belarri eta hortzak izerdi lanean ari dela 2014. urteko udal hauteskundeei begira. Berritzailea, Ipar Euskal Herriko aldarrikapenak barnebildu eta eskuinarekiko erabat ezberdin izango den proiektu politikoa mamituz. Ez da, ez, lan samurra izango. Ezker abertzalean izandako zatiketa historikoak, kultura politiko ezberdinak, erantzunak baino galdera gehiago dituen krisi aro batean... Baina ezinbestekoa da. Ipar Euskal Herriak behar dituen soluzioak ez direlako zerutik eroriko, eraiki besterik ezin direlako egin. Gaurko erabakiak biharko aukerak direlako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo