Harri-jasotzea Euskal Herrikoa
Aimar Irigoienek arazorik gabe eutsi zion txapelari
J.L.
Aimar Irigoienek inongo arazorik gabe eutsi zion Euskal Herriko txapelari, pasa den larunbatean Labaienen jokatu zen finalean. Bost kirolari neurtu ziren, eta bakoitzak 125eko errektangularra, pisu bereko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabili zituen. Bakoitzarekin hiru minutuko txanda bana izan zuten lanerako.
Harri guztiekin nagusitu zen errezildarra. Guztira 107 jasoaldi lortu zituen, 12.462 kilo bizkarreratuz. Bigarren Izeta III.a sailkatu zen 96 jasoaldirekin, eta guztira 11.150 kilo jaso zituen. Hirugarren postuan, berriz, Izeta IV.a sailkatu zen. Zarauztar gazteak lehia handia izan zuen bere osabarekin, baina ezin izan zion berari aurre hartu. Guztira 91 jasoaldi lortu zituen Hodeik, 10.662,5 kilo jasoz.
Laugarren postuan Ariztegi sailkatu zen. Honek guztira 74 jasoaldi ematea lortu zuen, eta denetara 8.650 kilo jaso ahal izan zituen. Azkena Josetxo Urrutia sailkatu zen, eta honek 69 jasoaldi eman zituen, denetara 8.087,5 kilo jasoz.