GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ester Hernandorena eta Aitziber Perez LAB Irakaskuntza-Nafarroa

Ikastoletako langileen izenean, ikasleen sexuaren araberako bereizketarik ez!

Nola hezkidetzaren aitzindari eta sustatzaile gisa definitu eta sexuen arabera banaketa egiten duten ikastetxeen alde kokatu?

Nafarroako ikastoletako titularren ordezkaria den NIEk pasa den irailaren 21ean ikasleen sexuaren araberako bereizketa egiten duten ikastetxeek diru publikoz hornitzeko duten eskubidearen alde argitaratutako oharraren aurrean, LAB sindikatuak, Nafarroako ikastoletan %90eko langileen ordezkaritza duenak, honako gogoeta konpartitu nahi du Nafarroako ikastoletako komunitatearekin, hezkuntzako gainerako eragileekin eta nafar jendartearekin.

Egun, jendartean neskek eta mutikoek sexuen araberako eredua jasotzen dutela begi bistakoa da, hezkuntzak bide honetan duen gaitasuna ezin zaio uka. Batetik, eredu hori erreproduzitzen jarrai dezake, sexuen araberako bi gizarteen ideian sakonduz, edo hezkidetzaren bidetik, aldaketa eragin eta emakumeak zein gizonak parekidetasunean kokatuko dituen balio, ereduak garatu.

Hego Euskal Herrian 60ko hamarkadan sortu zen eskola mistoa, baina honek ez zuen ziurtatu jendarte sexista desagertzea; gerora, 90eko hamarkadan, hezkidetza zehar-lerro gisa kokatzen hasi zen, eta honekin batera, jendarte sexista hori eraldatzeari begira zer eduki, zer balio... landuko ziren zehazten hasi.

Jardun honetan ikastola zein eskolek aitzindari paper garrantzitsua izan zuten eta dute gaur egun. Aitzindaritza horretan sinistuta familia, irakasle, langile eta herritarrek orotara atxikimendu osoa erakutsi izan dute.

Hau dela eta, gure harridura eta kezka NIEk irailaren 21ean argitaratutako oharra dela-eta. Nola hezkidetzaren aitzindari eta sustatzaile gisa definitu eta sexuen arabera banaketa egiten duten ikastetxeen alde kokatu? Nola lotu segregazioa zentroak aukeratzeko askatasunarekin? Hezkuntzak pertsona kritiko, aske eta burujabeak izateko lana egin behar du, horretarako behar diren bideak jorratuz.

PP-UPN hezkuntzaz baliatzen da jendartean ematen diren zapalkuntza eta errealitateak ezkutatzeko. Opus lagun duela hortaz, ez da harritzekoa Nafar Gobernuak diru laguntzak mantendu nahi izatea.

Harrigarria da eremu ez euskaldunean ikastolak hilzorian dauden bitartean Nafarroako Gobernuak konpromiso bakar bat ez hartzea, eta bitartean NIEk babesa eskaintzea ikastoletan zabaldutako balioen kontra egiten duten zentro mota hauei.

Zerbitzu publikoak desmantelatu nahi dituzte, diru publikoa zerbitzu publikoetan inbertitu beharrean UPNren ideologiarekin bat egiten dutenei bideratuz; sexuen araberako irakaskuntza eskaintzen dutenei, Donapea ikastetxearen lurrak... bitartean 250 irakasle gutxiago, ikastoletako langileen soldaten jaitsiera... LABetik eraiki nahi ditugun zerbitzu publikoek eraldatzaileak izan behar dute, eta besteak beste, hezkuntzako zerbitzu publiko horiek Euskal Herriko neska eta mutilen parekidetasunean oinarritutako hezkuntza eskaini beharko dute, eta sexuaren arabera banaketa egingo duten ikastetxeak ez dira zerbitzu publikoko partaide izango, eta ondorioz ez dira diru publikoz hornituko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo