GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paya Bertsolaria

Diplomazia estankoa

Soilik abertzale ikusten gaituzten langileek, euren babesle senti gaitzatela. Eta ezker erradikal deitzen diguten abertzaleekin euskararentzako etorkizuna adostu dezagun

AEB-etako atzerri ordezkari bati entzun nion lehenengo aldiz, baina Algortako kaleetan askoz lehenago praktikatzen zen.

Ekialde Hurbileko krisi bat zen, Palestinar herriak zapaldua izateari utzi arte behin eta berriz, geroz eta era bortitzagoan lehertuko diren horietako bat. Inguruko herri batekin tentsio handia izan zuten Amerikarrek gai konkretu bat zela eta. Baina herrialde horretan askoz interes garrantzitsuagoak zituzten eta bere kooperazioa gura zuten. Beraz, zubiak zartatu aurretik, diplomazia estankoa praktikatzea otu zitzaien. Marrazki bizidunetan bezala, plastikozko poltsa baten barrura kristorenak eta bi oihukatu, kontu handiz itxi, irribarrea berreskuratu eta aurrekoarekin tonu maiastatikoz (Jon Maiak duen hizkera goxoz, erran nahi baita) solasean jarraitzean datza.

Lepotik zintzilik lastorria zeukan zuri kaukasiar anglofono hari entzun nion ideia bera sarritan ikusi nuen, etxetik irteten nintzenean bertan zeuden eta etxera nindoanean bertan uzten nituen horien artean.Gai ziren ezadostasun mota ugari onartzeko, edo kudeatzeko, beren hurbilenen artean. Garai hartan irizpide eza iruditzen zitzaidan. Kasurik onenean, «umearen zentzuna, telebistan entzuna» esakune zaharberrituaren inspirazio ziren. Nire ingurunea hautatzeko moduak gehiago zuen «Braianen Bizitza»tik, eta nik ez nuen nire bizitzaren onena disidente edo eta pasiboekin eman nahi. Minimo batzuek zeuden, marra gorriak, borrokan ari ginen eta gure konbikzioaren bidez mundua aldatzeko gai sentitzen ginen. Ez zitzaigun interesatzen «herria askatzea» interesatzen ez zitzaionik. Euskal Herrian koadrila ideologikoki uniforme asko dago. Zenbat eta gatazkan inplikatuagoa egon jendea, hainbat eta orokorragoa da joera. Egiak garesti ateratzen direnean, zaila da elkarri arrazoi zatiak emanez eraikitzen diren guneak sortzea. Baina etorkizunaren bidea bihurgune horretatik doa.

Ez naiz inkesta zalea, baina badirudi inork ez duela gehiengo absoluturik lortuko hurrengo hauteskundeetan. Eta iruditzen zait, diplomazia estankoa praktikatzen ikastea sano garrantzitsua izango dela. Ezker abertzale berria ensanblatze prozesuan dago. EAJ, inoizko monolitikoena eman arren, tentsio izugarriekin bizi delakoan nago, bestela ez lukete EBB-ko burua lehendakari egingo. Emaitza ezin hobeak eman dizkion maniobra marjina, kargu instituzional eta alderdiaren arteko eztabaida publiko amaiezinari uko egingo diote. Eta hor amaitzen da epe luzera ordezka ezineko indar politikoen zerrenda.

Egiaztatze horretatik abiatuta, nazio eraikuntza abertzaleen arteko proiektu independentista adostean datza. Aldi berean, diplomazia estankoa erabiliz, arlo soziala borroka zelai bihur bedi. PSOErekin akordioetara heldu beharko da arlo sozialean aurrera egiteko bada. Baina ikuspegi argi batekin, epe ertainera, kulturalki espainiarra den langileari lekua egin behar diogu gure proiektuan. EAJ-k gauza bera egin beharko du PPrekin, epe ertainera ahalik eta gehien ahultzeko.

Soilik abertzale ikusten gaituzten langileek, euren babesle senti gaitzatela. Eta ezker erradikal deitzen diguten abertzaleekin euskararentzako etorkizuna adostu dezagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo