GARA > Idatzia > Euskal Herria

Werten erreforma atzerakoia salatzeko kalera aterako dira bihar ikasleak

Gobernu espainolak, Nafarroa eta Lakuakoak lagunduta, ezarri dituen neurri atzerakoien aurka kalera aterako dira bihar ikasleak. Euskal Herrian 30 mobilizazio izango dira Unibertsitatean eta Erdi Mailako irakaskuntzan. Estatuko beste nazioetan ere izango dira protestaldiak.

GARA | IRUÑEA

Gobernu espainolak, Lakuakoaren eta Nafarrokoaren laguntzarekin, ikasleen eskubideen aurka ezarri dituen neurriak gaitzesteko greba egingo dute bihar. Euskal Herrian ez ezik, estaturik gabeko beste nazioetan ere egingo dute protesta. Orotara, 55 mobilizazio baino gehiago antolatu dituzte #11X12 gakoaren baitan antolatutako taldeek, kopuru hori handiagoa izan litekeen arren.

Horietatik 30 Euskal Herrian izango dira, unibertsitate zein irakaskuntza ertaineko ikasleek bultzatuta.

«Bada espainiar Estatutik inposatu nahi zaigun erreforma zentralista honi planto egiteko unea. Frankismo garaiko lege proiektu atzerakoi eta autoritarioa inposatu nahi digute. Erreforma hau azken urteetan euskal hezkuntzak jaso duen erasorik larrienetako bat da», adierazi zuen Ikasle Abertzaleak taldeak.

Erreformak neurriok biltzen ditu: unibertsitateko tasen igoerak, geletan ikasleen kopurua igotzea, irakasleen kaleratzeak, curriculum eskumenen gutxitzeak, murrizketa ekonomikoak, sexuaren araberako bereizketaren inposizioa, lehia sustatu nahi duten errebalidak, hizkuntza zapalduen kontrako sorgin-ehiza eta Konstituzio espainolaren gaineko doktrinamendua.

Sostenguak

LAB sindikatuak sostengua adierazi zion deialdi honi. «Hezkuntza eskubidea eskubide izatetik ordaindu ahal dutenentzako pribilegio izatera pasatzea erabaki du espainiar Gobernuak», salatu zuen.

Nafarroan, LABekin batera, EILAS, CCOO, Afapna, ANPE, CSIF eta ELA sindikatuek eta Sortzen-Ikasbatuaz eta Herrikoa taldeek ere sostengua adierazi zioten deialdiari.

Ikasle abertzaleak

Beste nazioetako taldeekin batera, Ikasle Abertzaleak taldeak deitu du grebara Euskal Herrian. NUPen, IArekin batera, NUPeko Asanblada, Asanblada Libertarioa, Eraldatu eta Ikasleen Sindikatuak egin dute bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo