KANPAINA BARRUTIK | URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK
«Herritar xumeak politikan sartzeak errealago egiten ditu erakundeak»
Ezker Abertzalea taldeko legebiltzarkide izandakoak
2005a, ilegalizazio egoera Euskal Herrian, bi aukera ezker abertzalearentzat: Aukera Guztiak eta EHAK. Lehendabizikoa baztertu zutenean, beren burua amildegi baten aitzinean ikusi zutela aitortu dute bigarren alderdi honetako kideek. Baina pausoa eman zuten, herritar arruntak izanik politikan sartu ziren, Bilduren aurrekari. Orain, izan zuten laguntza azpimarratu eta eskertzen dute, eta kontent daude profesionalak ez izanda Gasteizko Legebiltzarrari «beste bizi bat» eman ziotelako.
Maider IANTZI | LASARTE-ORIA
Lau urte joan dira ilegalizatu, taldekide batzuk auzipetu eta Legebiltzarrari agur erran ziotenetik, baina jende anitzen gogoan dago zortzi emakumek eta gizon batek osatutako Ezker Abertzalea taldea, herritar arruntak denak, politikari profesionalen artean, erakundeei freskotasuna eman ziotenak. Euretako birekin elkartu gara arratsalde batean Lasarten, erdibidean, Ane Auzmendi Ataunen bizi baita eta Itziar Basterrika Errenterian. Irakasle lanetan ari dira biak, politikako esperientziaren aitzinetik bezala.
Legebiltzarrean lau urtetan izandako esperientziaren ondotik, zerekin gelditu zarete? Zer nabarmenduko zenukete?
Itziar Basterrika: Esperientzia guztien aurrean oso ausarta naiz, beti prest nago. Gustura, denetatik ikasten duzu. Baina dezepzionatu ere pittin bat egin nau, ez esperientziak, topatutako hainbat gauzak baizik. Zure arlotik ikuspuntu bat daukazu zer den politika, eta ekintza horretan jarduten duzu badituzulako ideia batzuk eta ideia horien baitan norbaiten ildoa jarraitzeko asmoa. Baina gero konturatzen zara hor dagoen jende hori ez dela zu baino askoz gehiago, hori oso argi ikusi nuen lehendabiziko momentutik. Idealizatu egiten dituzu. Adibidez, murrizketak egin behar diren krisi garai honetan, kaltetua beti herritarra da. Politikariak oso ondo bizi dira, ez dute krisia bereganatzen, eta horrek, hortik pasatu ondoren, sutu egiten nau. Une honetan politikariak zuk eta nik kobratzen dugun moduko soldata bat izan beharko luke. Hori bai, lan hori bukatutakoan, gure kotizazio bera edukiko luke, ez luke lehentasunik izango, eta orduan ikusiko zenuke zenbat jende gutxiago egongo litzatekeen, eta egongo liratekeenek horren alde egingo lukete benetan. Bestela, positiboa izan zen, erronka bat.
Ane Auzmendi: Aberasgarria ere bai: gure lan arloa ezagutzen genuen, baina beste hainbat arlo landu beharra suertatu zitzaigun eta horietako ezagutzak ere jaso genituen, baita pertsona aldetik ere. Inguruan laguntza handia izan genuen. Jende hori gabe gure ibilbidea ez zen bera izango.
I.B.: Kasualitatez, biok hezkuntza arloan gabiltza eta biok egin genuen Hezkuntza batzordean lan. Gaia kontrolatzen genuenez, eramangarriagoa zen. Anek aparte Nekazaritza egin zuen: gustatzen zaio, baserri giroko herrixka batean bizi da...
A.A.: Baina Arrantza arloa ere eraman nuen eta ez nuen batere kontrolatzen.
Eta nola prestatu zinen?
A.A.: Arrantzako lantalde bat neukan, sektorean parte hartzen zuten pertsonek osatua, eta beraiekin biltzen nintzen hainbat gai prestatzeko. Emakumeen arloan, berdin.
I.B.: Zortea izan genuen eta jende askok lagundu zigun. Nik uste jende arrunta ginela ikusten zutelako lagundu zigutela batez ere. Momentu horretan beraiek defendatzen zituzten edo inguruan zituzten ideia batzuk bultzatzeko eredu bakarra ginela ikusten zuten. Eguneroko bizitzan gizartean dauden hainbat elkarte eta eragilek laguntza handia eskaini ziguten, nik uste gertu ikusten gintuztelako.
Zergatik erabaki zenuten pausoa ematea? Zerk bultzatuta?
A.A.: Nik uste egoera izan zela. Ilegalizazio egoera baten aurrean geunden, eta bi aukera posible zeuden; bat Aukera Guztiak zen eta bestea EHAK...
I.B.: ... eta Aukera Guztiak baztertu zutenean, gu geratu ginen. Egia da amildegi baten aurrean ikusi genuela geure burua. Esaten ziguten: `Zuen esku dago, ulertuko dugu ez badiozue aurre egiten erronkari'. Eta guk horrela planteatzen genuen: `Ez gaude prestatuta, berriak gara, mundu hau ez dugu ezaguna, baina guk ere aukera hori galtzen utzi behar dugu? Laguntza edukiko dugu? Bai? Ba, aurrera!' (irri egin dute biek).
A.A.: Nik pentsatzen nuen kanpaina guk egingo genuela eta beste jende bat sartuko zela Legebiltzarrean. Garbi esanda. Gero, heldu zen momentua eta aurrera egin genuen, ez dakit nola, baina...
I.B.: Ondo gainera. Nik argi daukat baietz. Beste modu batera. Dudarik gabe, norbera egoten denean duen guztia jartzen du eta bakoitzak bere estiloa dauka. Galdetu izan didate ea gauzak beste modu batera joan balira jarraituko nukeen. Momentuan, agian, baietz esango nuke, baina orain, barreraren beste aldea ikusita, ez!
A.A.: Niretzat, politikari profesionala baldin bazara, hura antzerki bat da, garbi esanda. Orain zu eta ni eztabaidan egon gaitezke, esan dezakegu ez diogula elkarri aurpegira begiratu ere egiten eta ikaragarri gaizki konpontzen garela, eta atea itxi eta kafea hartzera goaz elkarrekin. Niretzat hori herritar bezala oso mingarria da. Kobratzen duzuena kobratuta, ez dakit zenbat jenderen botoarekin jolasean ari zareten. Eta ni saltsa horren partaide sentitzea, ez, ez, ni ez naiz zuek bezalakoa, zuentzat gutxiago naiz, baina nahiago dut hala segi.
I.B.: Momentu zehatz batean eurek baino gutxiago garela pentsatzen dute. Legebiltzarrean ginen garaian Urkijo, Barrio, Celaa... zeuden. Lehendabiziko hitzaldia Celaaren aurka egin nuen. Diskurtso luzea egin nuen, ez dut behin ere ahaztuko. Zubietako hamar bikotek Zuhatzara joan behar genuen asteburua pasatzera, senarra nuen han, gure bulegoan begira, eta esaten du: `Inork ez ikusteko modukoa!' Izan ere, segituan berotzen naiz.
A.A.: Gure artean esaten genuen: `Itziarri lepoko zaina ateratzen zaionean...!'
I.B.: Celaa politikari profesionala da, atzetik talde bat dauka laguntzen diona, baina ez dut uste hezkuntzan pauso bat atera zigunik. Egia da eurek ja Legebiltzarreko inguru hori ezagutzen dutela, baina hezkuntza ereduari buruzko eztabaida batean, zuk egunero horretan jarduten duzunean, ez dakite guk baino gehiago gai hori defendatzeko orduan. Orain, gauzak aldatzen baldin badira eta Xabier Isasi ateratzen bada, bera ere unibertsitateko irakaslea da...
Zuek ireki zenuten herritarrak politikan sartzeko bidea...
A.A.: Bai, bai, eta gainera horrek beste freskotasun bat ematen die erakundeei. Azkenean errealago egiten ditu, herritarrengandik oso urruti daudelako.
Gero ilegalizatu egin zintuzteten eta epaiketaren esperoan daude zuen taldekide batzuk.
I.B.: Gure taldetik Nekane Erauskin bozeramailea eta Karmele Berasategi daude epaiketaren zain. Ekonomia arloa eramaten zutenak ukitu zituzten: Juan Carlos Ramos EHAK-ko lehendakaria, Bateragune auziagatik preso den Sonia Jacinto...
A.A.: Epaiketa bazetorrela-eta prestatzen hasi ziren, baina bertan behera gelditu zen eta ez dugu berri gehiago izan.
I.B.: Beldur pixka bat ematen dizu. Ezker abertzalekotzat hartzen den edonor egon daiteke gaur egun errepresioaren jomugan eta badakizu arrisku hori badagoela beti. Baina gerturatzen ari dela ikusten baduzu, ileak tenteago jartzen zaizkizu. Gure kasuan segidan ikusi zen talde guztia ilegalizatu baina auzipetuak diru kontuak eramaten zituztenak bakarrik izango zirela, eta horrek lasaitu egiten zaitu, baina era berean gaizki bizitzen duzu zure ordez lagunak auzipetu dituztelako.
A.A.: Momentu haietan tentsio uneak bizi izan genituen; orain, berriz, lasaiago; epaiketa hurbiltzen denean berriro dena mugituko da... Norberaren izaeraren baitan ere modu desberdinean bizitzen da.
Zuen esperientzia eta gero, nola ikusten duzu orain EH Bildu?
A..A.: Ilusioz.
I.B.: Herriak sinesten du beste jende mota bat behar dela lan horretan eta horrek animatzen nau. Nahiz eta saiatu denak zapuzten, ilegalizatzen eta kartzelan sartzen, beti badago norbait. Guk ondo egin bagenuen, atzetik etorriko direnek gu bezala edo askoz hobeto egingo dute. Ea beste buelta bat ematen diogun egoerari.
A.A.: Aukera handiak dituzte eta lan txukuna egingo dute, seguru. Pena, bestalde, Arnaldo eta beste jende bat hor ez egotea.
Nola prestatzen da herritar arrunt bat politikari izateko? Ikastaroren bat egin zenuten?
I..B. eta A.A.: Ikastaro bat egin genuen Bilbon (diote biek aho batez eta irribarrez).
I.B.: Sartu ginenean sumatzen genuen... denok berriak, batzuk besteak baino ohituagoak jendaurrean hitz egitera, hori faltan ematen genuen. Gogoratzen naiz gure komunikazio arduradunari esan geniola behar genuela zerbait, eta komunikazio ikastaro bat egin genuen, nola hitz egin jendaurrean, zer jarrera hartu... Urduri jartzen zarenean alferrik da, baina jarraibide batzuk ematen dizkizu. Hitz egitean abiadurari beti eutsi, lasai, irakurri behar bagenuen nola irakurri, jendeari begiratuz...
Proposamen gehien egin zuen taldeetako bat izan zineten.
A.A.: Eragile pila batekin izan genuen harremana, eta hortik ere ideia asko jaso genituen.
I.B.: Herritarrek plazaratzen zizkiguten nahi guztiak Legebiltzarrera eramaten eta bideratzen saiatu ginen. Beraien ahotsa eramaten saiatu ginen eta uste dut jendeak eskertu zuela.