GARA > Idatzia > Euskal Herria

Polizia espainoleko EAEko buruak kargua utzi beharko du

GARA | MADRIL

Auzitegi Nazional espainoleko Administrazioarekiko Auzietako epaile batek Polizia espainolak EAEn duen burua kargutik kentzeko agindu du. Fernando Amo ez da unibertsitate lizentziaduna eta, ondorioz, ez du kargu horretan aritzeko beharrezkoa den titulurik.

Gobernu espainolak EAEn duen Ordezkaritzako iturriek Efe agentziari esan zioten epaiaren berri dutenean Amo kargutik kenduko dutela. Polizia espainolak, ordea, epaiaren aurka helegitea aurkeztuko duela iragarri zuen.

Polizia espainoleko inspektore batek salatu zuen Amo Auzitegi Nazionalean, EAEko buru izateko beharrezkoa den titulurik ez zuela-eta. Bologna plana indarrean sartu aurretik nahikoa zen diploma izatea kargu horretara heltzeko. Hori da Amori eskatu ziotena.

«Faisan auziarekin» lotura zuen Enrique Pamiesen ordez EAEko poliziaburu izendatu zuten Amo.

1976tik polizia

1976. urtean sartu zen Amo Polizia espainolean. Hurrengo urtean, Bilbora destinatu zuten inspektore lanak egitera. Urte batzuetara, 1996an, komisario izendatu zuten. Bi urtera, 1998an, Gipuzkoako herrialdeko komisarioburu izendatu zuten, eta hamahiru urte eman zituen kargu horretan. Bertan, informazio brigadaren arduradun izan zen. 2011ko ekainean komisario nagusi izatera heldu zen eta urtarrilean Gasteizera bidali zuten EAEko poliziaburu izateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo