URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK
Fracking-aren aurka daudela esan du Urkulluk Twitterren
GARA | GASTEIZ
«Nuestra postura sobre el `fracking': ni explotación, ni exploración». Gizarte presioak behartuta, Araban sekulako eztabaida sortu duen fracking-aren auziari heldu behar izan zion atzo Iñigo Urkulluk, EAJko lehendakarigaiak. Twitter erabili zuen horretarako, eta bertan, argi utzi zuen bere alderdia prozedura horren kontra egongo dela.
Modu honetan, egunotako espekulazio eta esamesei amaiera eman nahi izan die alderdi jeltzalearen liderrak, eta bide batez, Fracking Ez Araba elkarteak joan den igandean egindako eskaerari erantzun dio, hain zuzen, auzi horretan zer jarrera duten zehazteko eskatu baitzion.
Pasa den larunbatean, 7.000 pertsona inguru batu ziren Gasteizko kaleetan, gas naturala lurpetik erauzteko fracking-a edo haustura hidraulikoaren prozedura hori erabiltzearen kontra. Bertan, Ezker Anitza, Ezker Batua eta EH Bilduko kideak egon ziren, eta denak, noski, horren kontra agertu ziren.
PPk, PSEk eta EAJk, ostera, inongo erantzunik ez zuten eman, eta hori ikusita, manifestazioaren antolatzaileek euren iritzia eskatu zieten denei, horien artean EAJri. Kontuan hartu behar da Araban fracking-a oso gai tirabiratsua dela, eta boto asko ken ditzakeela. Gainera, urriaren 21eko hauteskundeetan Arabak berebiziko garrantzia izango du emaitzetan. PPk berak ere, De Andres ahaldun nagusiaren ahotik, jarrera anbiguoa azaldu du gai honetan.
Urkulluk, beraz, auziari heldu zion, iritzia argi eta garbi azalduz. Halere, Twitter bidez egin zuen adierazpena, eta ez, alderdiaren ohiko jokabideari jarraituz, prentsa ohar edo prentsaurreko baten bidez.
«EH Bildutik gertuago»
Bestalde, goizean Onda Cero irratian egindako elkarrizketan, EAJko lehendakarigaiak ziurtatu zuen bere alderdiak EH Bildurekin PPrekin baino antzekotasun gehiago daukala, «argi dago, gehienbat arlo identitarioan», eta gaineratu zuenez, EAJk badaki «behar den momentuan bere nahiak aurrera eramaten, pragmatismoa erabiliz».
Bide horretan, ez zuen begi txarrez ikusi Espainiako estatu autonomikoa, non EAEk eta Kataluniak gobernu autonomo bana izango luketen, eta beste autonomia erkidegoek ahalmen gutxiago.
Kataluniaren gaia gehiago zehaztuz, Urkulluk «onargarri» iritzi zion katalanek EAEko Ekonomia Itunaren antzeko baldintzak lortu nahi izatea, baina euskal sistema «eskubide historikoetan oinarritua» dela ohartarazi zuen, eta hortaz, «Kontzertua eskubidea dela nabarmendu behar dugu, eta ez pribilejioa».
Alfredo Rubalcabak, PSOEko idazkari nagusiak, proposatutako federalismoari buruz ere iritzia eman zuen Urkulluk: «Ez diot itxura onik hartzen, ez dut uste `denontzako kafea' baliagarria denik ez katalanentzat, ez euskaldunontzat, gure eskubide historikoei erantzuten ez diolako».
EAJko kidea «arduratuta» agertu zen CISeko azken datuekin, eta bereziki, herritarrek politikaren gainean duten mesfidantzari buruzko datuekin, bere aburuz, «politika delako gizartearen arazoei erantzuna emateko bide egokiena».