GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Tobin tasa bada zerbait, baina ez Robin Hood

Bankuen eta bestelako finantza erakundeen kapitalen fluxuari zerga bat ezartzea ezkerreko mugimendu alternatiboen aldarri historikoa izan da, globa- lizazio kapitalistaren kontrako mundu batzar orotan presente egin den eskakizuna. James Tobin Ekonomia Nobel saridunak 1971n proposatu zuenetik urak bide handia egin du eta apurka-apurka bazterreko proposamena zena mainstream delakoaren baitako bilakatu da. Alemaniako Angela Merkel kantzilerrak eta Estatu frantseseko François Hollande presidenteak bultzatuta, Europar Batasuneko hamaika estatuk oniritzia eman zioten atzo eta martxan jartzeko urratsak egiteari ekin diote. Tartean, Estatu espainolaren oniritziarekin. Komentzimendu propioz baino, estrategia negoziatzaile gisa baiezkoa eman dio, banku-sistemaren batasunaren edo erreskatearen inguruko negoziazioei begirako kontzesio gisa. Urrats txikia da, populismorako aukerak ematen dituena -bankuei dirua kendu eta pobreei bueltatzen dien Robin Hood berri baten etorrerarena, alegia- eta krisiari buelta emateko «zilarrezko bala» miragarri gisa salduko dutenak ez dira faltako.

Haren aurkakoek merkatuan distortsioak, kapitalen ihesa eta abarreko argudioak erabiliko dituzte. Erantzunik gabeko galderak ere badira, hala nola, tasaren dirua nork bildu, nola banatu eta zeinek kontrolatuko lukeen. Edonola ere, bada zerbait, bai. Baina askoz ere gehiago behar da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo