GARA > Idatzia > Kultura

Gerra Zibilak izan zituen ondorioei buruzko zinema zikloa aurkeztu du Filmategiak

Aurten Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena bete delarik, «Zinema eta Gerra Zibila Euskal Herrian» zikloa hasi du Euskadiko Filmategiak, garai horren berri ematen duten hainbat film aurkeztuz.

p044_f03.jpg

GARA | DONOSTIA

Aurten Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena bete dela-eta, Euskadiko Filmategiak eta 2012 Fundazioak «Zinema eta Gerra Zibila Euskal Herrian» zikloa antolatu dute. Emanaldiak gaur hasi eta abenduaren 27ra bitartean izango dira.

Guztira 17 film izango dira ikusgai Bilbon, Donostian eta Gasteizen, hamar emanalditan. 1937 eta 2012 urte artean filmatutako lanak dira. Hala, azken zortzi hamarkadetan euskal lurraldeetan izandako gatazkari buruz egin diren produkziorik garrantzitsuenak biltzen ditu zikloak.

Proiektatuko diren lanen artean Alan Resnais eta Robert Hessens zuzendarien «Guernica» (1950) dago, bonbardaketari buruz grabatutako dokumentalik ezagunena. Benetako irudiak eta Picassoren «Guernica» koadroaren zatiak tartekatzen ditu.

Bizkaiko herriaren izena izenburuan duten film gehiago daude, noski. Adibidez, Fernando Arrabalen «El árbol de Guernica» (1975), Pedro Lazagaren «El otro árbol de Guernica» (1969), Laurence Boultingen «Gernika, el espíritu del árbol» (1987) edo Nemesio Sobrevilaren «Guernika» (1937). Beste lan batzuk berriagoak dira. Julio Medemen «Vacas» saritua (1992) hiru hiriburuotan izango da ikusgai. Pierre Boutronen «Fiesta» (1995) filmak ere Gerra Zibilean Euskal Herrian gertatu zenaren berri ematen du.

«Los niños de Rusia» pelikulak (2001, Jaime Camino), ordea, gerran zehar Errusiara eraman zituzten haurren istorioa kontatzen du. Helena Tabernaren «La buena nueva» (2008) lanak Unax Ugalde eta Barbara Goenaga aktore euskaldunak ditu protagonista eta zenbait sari jaso zituen nazioartean. Azkenik, zikloko filmerik berriena aurten estreinatu den Pedro Olearen «La conspiración» da.

Liburua ere bai

Emanaldiak Bilboko Alondegiko Golem zinema aretoetan, Donostiako Antzoki Zaharrean eta Gasteizko Vital Kutxa-CC Dendaraban izango dira.

Bestalde, zinema zikloarekin bat eginez, euskal filmotekak Donostia Kulturarekin batera zikloaren izen bera daraman Nosferatu Bildumaren 8. alea argitaratu du, Santiago de Pablo historialariak eta Joxean Fernandez Filmategiko zuzendariak koordinatutako lana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo