Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
New Yorketik Kongora
Renzo Martensen «Enjoy Poverty» filma gogoratu dut gaur: artista Kongora joan zen eta bertako ezkontzen argazkiak hartzen zituzten argazkilariak herriko ume elikatu gabeen irudiak egitera bultzatu zituen. Izan ere, iparraldeko lurraldeetan argazki horietako bakar baten truke ordaindutakoarekin Afrikako familia oso bat hilabetez bizi da. Martensen filosofia gogorra zen: zuen pobrezia da eta beste batzuek esplotatzen dute. Behintzat atera iezaiozue zuek etekina. Filmaren unerik gogorrenean Martensek argazkilariak Mugarik Gabeko Medikuengana eramaten ditu, hauek argazkien bitartekaritzat egingo ote zuten galdetzeko. Erantzuna ezezkoa da. Elkartearen zuzendariari ekimena «etikarik gabekoa» iruditzen zaio, agian afrikarrek, dirua horrela irabazita, irudiak eraldatu edo nahita egoera ziztrinak sortuko dituzten beldur.
Asko kritikatu zuten Martensen lana hainbat konturengatik: artistak bere buruari garrantzi gehiegi ematen ziolako, salbatzailetzat aurkezten zuelako bere burua, proiektua gaizki aterako zela jakinda ere kongotar argazkilariei ilusioa piztu zielako, haietaz aprobetxatuz. Denak egiazkoak. Baina hala ere, oinarrizko gaiak gaur ere ematen dit zer pentsatu.
Burura etorri zait, bitxikeria hutsa, Ryanairren beste hegazkin batek arazoak izan dituela irakurri dudalako. Aldi berean gogoratu dut Damien Hirst artistak irailaren 11ko atentatua artelan bat bezala pentsatua zegoela esan zuela, eta zelako haserrea piztu zuten hitz horiek. Hirstek zioen plana oso bisuala zela, begien asetzerako, oroituko den irudi bat lortzeko egina. Gaur Ryanairrek New Yorketik Kongora eraman nau.