EHAZEk Antzerkizale Sarea abian jarri du, elkarlana sustatzeko
Antzerki programazioak behera egin duela-eta, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak konpainia ezberdinen elkarlana bultzatuko duen Antzerkizale Sarea abiatu du. Hainbat emanaldi antolatu dituzte hilabete honetarako. Bihar Lasarte-Orian izango da Txirene taldea.GARA | DONOSTIA
Garai zailetan indarrak batzea izaten da gehienetan aukera onena eta horixe pentsatu du Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak ere. Konpainia ezberdinek bat egin dute Antzerkizale Sarea osatzeko eta emanaldi ugari antolatu dituzte Gipuzkoako hainbat herritan. Izan ere, EHAZEkoen esanetan, antzerki obrek ez dute lortzen nahi adina emanaldi egiterik, eta estreinatu arren, horretan gelditzen dira. Oraingoan, konpainia bakoitzak «bere herria eskaini» dio beste talde bati, honek emanaldia egin dezan, baina konpainiez gain, publikoa eta eragileak inplikatzea ere nahi dute, herriz herri antzerki giroa berreskuratuz joan dadin.
Gaur zurean, bihar nirean
Andoaingo Basteron hasi ziren irailean emanaldiak -Bilboko Gilkitxaroren «8 begi» lanarekin-, pasa den astean Oiartzunen izan zen Zarauzko Bina-bina taldea «Munstroa» obrarekin eta bihar Lasarte-Orian izango da beste emanaldi bat. Oiartzungo Txirene taldeak «Ogiyik karri etzun semia» lana eskainiko du Zabaleta auzoan, 19.30ean hasita.
Urriaren 19an, Donostiako Lugaritz kultur etxean izango da Lasarte-Oriako Kukuka taldea, «Sahara, isiltasunaren ahotsak» antzezten, 20.00etatik aurrera.
Azkoitiko Koldarrak taldeak, berriz, Usurbilgo Sutegi aretoan Koldo Campos GARAko kolaboratzaileak zuzendutako «Izan bedi emakumea» lana estreinatuko du urriaren 26an, 20.00etan hau ere.