GARA > Idatzia > Kultura

Poesia eta zinema uztartuko ditu aurten BilbaoPoesia jaialdiak urriaren 15etik 23ra

Poesia idatzi zuten zinemagileak eta hizkuntza poetikoa darabilten filmak izango dira BilbaoPoesian. Formatua aldatuta, Pier Paolo Pasolini, Jean Cocteau edo Aitzol Aramaioren filmekin uztartuko da poesia.

p048_f02_91x76.jpg

GARA | BILBO

Kirmen Uribe, Antonio Gamoneda, Juan Barja, Jose Fernandez de la Sota edota Unai Elorriaga idazleek hartuko dute parte, besteak beste, urriaren 15etik 23ra egingo den BilbaoPoesia jaialdian, zinemaz eta poesiaz hitz egiteko. Horrez gain, jaialdiak poesia eta musika ikuskizuna eskainiko du Galatea taldearen eskutik, eta zineko abestiak izango dituen kontzertua, Iñaki Salvadorrekin eta Ainara Ortegarekin. Ekitaldi horiek guztiak Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira, 19.30etik aurrera. Sarrera librea izango da, aretoa bete arte.

Gabriel Aresti izango da irekiera jardunaldiko protagonista, urriaren 15ean, 1933an jaio zen egunarekin bat etorriz. Patxo Telleriak zuzendutako «Diot» (2005) dokumentala eskainiko da.

Urriaren 16an, Pier Paolo Pasolini zuzendari italiarraren irudiaren inguruko topaketa izango da. Juan Barjak Pasoliniri buruzko hitzaldia eskainiko du. Bere film poetikoenetako batzuen zenbait zati eskainiko dira, eta amaitzeko, Alex Angulo aktore bilbotarrak Pasoliniren zenbait poema irakurriko ditu.

Jean Cocteau zuzendari frantsesaren alderdi poetikoenera ere hurbilduko da jaialdia. Eleonore Antzenberger ikerlariak, Cocteauren filmografian eta lan poetikoan espezialista denak, hitzaldia eskainiko du urriaren 22an. Gurutze Beitia antzezleak Jean Cocteauren poemak irakurriko ditu.

Aitzol Aramaio zinemagile ondarroarra ere izango dute mintzagai jaialdian. «Irudiaren poesia» izenburupean, Kirmen Uribe eta Unai Elorriaga idazleek, Jon Kortazar literatur kritikariarekin batera, Aramaioren zinema ondarea aztertuko dute, «Terminal» film laburra batez ere (aretoan eskainiko da).

Kirmen Uriberen hitzetan, iaz zendutako zinemagile ondarroarraren film labur hori, berez, poema bat da. Ekitaldia urriaren 19an izango da, gainerako ekitaldi guztiak bezala, Bidebarrieta liburutegiko ekitaldi aretoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo