GARA > Idatzia > Kultura

ELKARRIZKETA | Joxemari Iturralde, idazlea

«Aukera ematen du egungo egoera kulturalaren berri izateko, osorik baina zatika»

Idazle tolosarrak hamarkada bat eman zuen GARA egunkariaren «Mugalari» literatura gehigarrian astero-astero, hutsik egin gabe, artikuluak argitaratzen. 2001 eta 2011 bitartean idatzitako 484 testuetatik erdiak bildu ditu orain Pamiela argitaletxeak plazaratutako «Kaleidoskopioa» liburuan. Aritz Galarraga irakasle eta kritikariak egin du aukeraketa eta hitzaurrea.

p054_f01.jpg

A. ARRUTI | DONOSTIA

GARA egunkariaren kontrazalean egiten genuen topo azken urteetan ostiralero Joxemari Iturralderen artikuluekin. Hamar urtetako lana izan da, kulturarekin lotutako hamaika gairi egin dio bistadizoa, bere kaleidoskopio partikularretik. Literatura, zinema, musika, arte plastikoa, hizkuntza eta baita hezkuntza ere, «eta gero bitxikeriak, eta baita aldika zertzelada soziopolitikoak edo politikoak zuzenean», zehazten du tolosarrak.

Lana egina zuen, beraz, aurretik. Orain Aritz Galarragari tokatu zaio. «Berak bere kasa egin du lana, bere gustuko hitzaurrea eta berak nahi izandako testuak aukeratu ditu, beste mordo bat alde batera utzita. Ni ez naiz sartu ezertan prozesu horretan».

Nondik nora sortu zen antologia hau egiteko ideia?

Aritz Galarraga irakasle eta kritikari literarioari bururatu zitzaion ideia. Ni hamar urte eta erdiz aritu nintzen astero-astero idazten orrialde osoa «Mugalari» gehigarri kulturalean, eta Aritzek pentsatu zuen hor bazegoela material dezente eta ugari liburu bat egiteko. Gero, Pamiela argitaletxekoek onartu egin zuten ideia pentsatuz proiektu ona zela. Eta nik eskertu egiten diet.

«Kaleidoskopioa» deitu diozu, nondik nora?

Kaleidoskopio objektuak aukera ematen dizu gauza bat ikusteko bere osotasunean eta, aldi berean, zatika. Kaleidoskopioa astintzen baduzu, barruan dauden ispilutxo makurtu batzuen bitartez, aukera daukazu orain beste zerbait ikusteko, berriz ere osorik eta aldi berean zatika. Eta dena aldatuz doa, nahi beste aldiz. Liburuak ere, artikulu laburrak erabiliz, aukera ematen dio irakurleari egungo egoera kulturalaren berri izateko, osorik baina zatika.

Denbora pasa da artikulu hauek idatzi zenituenetik. Eboluziorik nabaritu duzu idazkeran, gaietan...?

Hasieratik saiatu nintzen denboran zehar iraun zezaketen gaiak jorratzen, eta ez egun batetik hurrengora jada batere interesik gabe geratu diren albisteak. Aritzek aukeratutako testuek mantentzen dute, gaur ere, freskotasuna eta erakargarritasuna.

Idatzita zenuen zerbait aldatzeko tentaziorik izan al duzu?

Testu batzuetan azaltzen diren pertsonak hil egin dira, edo bere jarrera aldatu egin dute, edo espero ez zen bidetik joan dira... Horrelakoetan, gaur berriro hasiko banintz horrelako testuak idazten, zerbait gehiago erantsi beharko nieke, edota baliorik gabe geratu diren datuak kendu beharko nituzke.



 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo