saiakera
Eta orain, zer?
Iban BALERDI
2007an Frantzian argitaratua izan ostean, lan hau laster egin zen ezagun Mendebaldeko ezkerreko zenbait mugimenduri esker. Arrazoi filosofikoak tarteko, autoreak/ek anonimotasuna bilatu zuten liburua ateratzeko unean, eta Batzorde ikusezin moduan sinatu zuten. Badirudi Julien Coupat deituriko aktibista frantziarra izan zitekeela benetako egilea, baina berak beti ukatu izan du. Coupatek eta beste lagun batzuek, Frantziako trenbide sarearen aurkako ekintza bat egitearen aitzakiapean atxilotu, eta legedia antiterrorista jasan behar izan zuten 2008an, kartzelatuak izan aurretik. Hortik aurrera eta denborak aurrera egin ahala, guztia muntaia polizial bat izan zela pentsatzeko arrazoiak areagotu baino ez ziren egin. Honek ere eragin nabarmena izan zuen, agiriak lortutako sona azaltzeko.
Liburua 2005ean Frantziako zenbait auzo baztertutan izandako istilu oldearen karietara sortu zen. Ez zegoen liderrik, ezta ohiko aldarrikapenik ere, bat-bateko amorru ikaragarria eta boterearekiko gorrotoa baizik. Agintariak ezustean harrapatu zituen eta egoera kontrolpean hartzea asko kosta zitzaien. Egileen ustez etorri behar duenaren adibide bat izan zen.
Lanaren egiturari dagokionez, bi zati desberdintzen dira. Lehenengoan, zazpi “zirkulutan” banatua, bizi dugun sistemaren aurka egiten du, beronen ezgaitasuna azpimarratuz. Zibilizazioaren amaiera gertaera modura azaltzen da; erabaki bilakatu beharreko gertaera. Tartean, ezbaian dauden erakunde edo antolatzeko egituren errepasoa egiten da. Hemen, besteak beste, hezkuntza sistema, hedabideak, lana, ekonomia edota ekologia dira aztertzen direnak. Azken honi buruz kontu aipagarriak esaten ditu, industria “berdea” kapitalismoaren ikur berri gisa agertuz. Ingurugiroa suntsitzeaz arduratu diren berberak dira, berau konpontzeko industria berri bat eta kontsumorako produktu berrituak helarazten dizkigutenak. Paradoxa ala engainu hutsa?
Liburuaren bigarren zatian matxinadarako oinarrien berri ematen da, gizadiak bizi duen muturreko egoera honi erantzuteko. Autogestioa eta komunetan antolatzeko beharra azpimarratuz, egungo legediaren bazterrean kokatzera animatzen du gizartea, erabat kanpo ez bada. Sistemaren zirrikituak profitatzeko eskatzen du, erakundeen subentzioen bidez edota banketxe nahiz aseguru etxeak engainatuz. Era honetan, lan egitea saihestu eta denbora libre gehiago izango luke gizakiak. Gainera, indarkeria ekintzak ere babesten ditu markatutako erresistentzia bidean.
Egoeraren diagnostiko zorrotza egiten den bitartean hasierako zatian, bigarrengoa hankamotz geratzen da. Egungo bilakaera atzerakoia, gezurtia eta soluziorik eskaintzen ez duena da. Gobernatzen gaituzten kapitalismoaren sai edo botere guneek askatasunaren kontra dihardute, beraien eskaintza aukera bakar bezala saldu nahian. Egia da, halaber, normalizatuak diruditen ziurtasun ezaren inguruko dogmek, gizakia heldulekurik gabe uzteko nahia izan dezaketela, inguruarengandik gero eta isolatuago. Baina ematen diren soluzioak, oro har, eskasak iruditu zaizkit eta ipar zehatzik ez dutenak. Hala ere, liburuari interesgarria deritzot, bizi ditugun garaiak hobeto uler ditzagun.