GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baztango Udaletxearen gibeleko aparkalekua handitu egin dute

Baztango Udaletxearen gibelaldeko aparkalekua handitu egin dute. 29 toki daude orain, horietatik bi ezinduendako direlarik. Elizondon azken urteetan aparkatzeko tokia bilatzea afera bilakatu dela-eta, mugikortasun-eredu berri baten alde egitea beharrezkoa dela dio Udalak.

p023_f02.jpg

GARA | ELIZONDO

Udaletxearen gibeleko parkinga handitu egin du Baztango Udalak, bederatzi toki gehiago eginez. Horretarako, lehenbizi, Udalaren jabetzakoa zen eremu publikoa berreskuratu, eta ondotik, autoak utzi ahal izateko aparkalekua handitu du, Udalak adierazi duenez.

Orain, denetara 29 toki daude, horietatik bi ezinduendako erreserbatuak. Autoendako aparkalekuen afera nahiko arazo larria da Elizondon, azkeneko urteetan familia bakoitzeko auto kopurua eta auto-mugikortasuna handitu direlako, Udalak nabarmendu duenez.

«Udalak uste du herrien bilakaera ez dela autoen arabera antolatzen ahal, jendeendako kalitatezko espazio urbano eta sozial baten arabera baizik. Horretarako, beharrezkoak diren aparkalekuak egitea eta herritarren kontzientzia aldaketa behar-beharrezkoa direla uste du», gaineratu du Udalak.

Gazte Txartela

Bestalde, Baztango Udalak erabaki du Nafarroako Gobernuak ateratzen duen Gazte Txartelak ahalbidetzen dituen deskontuak bailarako udal instalazioetan ez erabiltzea. Nafarroako Gobernuak Baztango Udaleko zerbitzuetan (igerilekuak, museoak eta musika eskola) %5 eta %1o bitarteko beherapenak egitea proposatu zuen.

«Gastu horiek Baztango Udalak bere gain hartu beharko lituzke. Baztango Udala, herritarren egoera sozioekonomikoaren arabera Udalaren eskaintza moldatzen saiatzen ari da, horrela, kasu batzuetan egoera ekonomiko txarrean dauden familietako kideei igerilekuko abonua dohainik eskaini zaie edo musika eskolarako matrikuletan adibidez familia ugarikoei deskontua egin zaie», adierazi du Udalak, erabakiaren arrazoiak azalduz. Horrekin batera, gogora ekarri du igerilekuan 14 eta 17 urte artekoei %25eko beherapena egiten zaiela. «Eskaera eta kasuaren arabera egiten dira deskontuak», nabarmendu du Udalak.

Izan ere, Nafarroako Gobernuaren Gazte Txartelak «gazte eredu abstraktu bat hartzen du, gazteen egoera sozioekonomikoa kontuan hartu gabe», gaineratu du Baztango Udalak. «Baztango gazteek Gazte Txartela betiko moduan egiten ahal dute eta Baztango Udalak ez du gazte bat ezta herritar bat ere Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen eskaintzatik kanpo utziko tarifak edo prezioak direla-eta», esan du amaitzeko.

giltxaurdi

Gobernu espainolak ezarritako BEZaren igoera dela eta, Giltxaurdi kirol instalazioetan tarifak igo behar izan dituzte, baina egoera okerrean daudenek gutxiago ordainduko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo