GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Gero eta argiago

Bai, egia da. Gero eta egiago. Gure beheko Estatu antzeko hori is different. Gero eta Estatu gutxiago ere. Egunotan hango hiriburuko etorbide nagusitik txunta-txuntapean arrastaka paseatu duten ahuntz antzeko hura da egoera horren isla. Gero eta gizenagoa, gerri politikorik ez duen seinale; gero eta gihar gehiago atrofiatuak, burua beste. Gero eta ahuntz gutxiago. Itxura batean hango parajeetan oso berezkoa duten legionarioaren gaitzak jota; badakizue, aireztatze eza!. Biokimikako nobel saria mereziko luke auntz horren DNAren eboluzioan urteetako txunta-txuntak izan duen eragina argitzen duenak. Argien aroan egongo bagara!. Portzierto, argiena aipatu dudala, aste honetako ostegunekoa ikusgarria izan da, zer edo zer ikustearren!. Meteosateko irudietan Euskal Herriko hainbat patio itzalak hartuta zeuden, egun argia izan arren. Nonbait guneotan izandako trikornio-azokak itsutu egin zituen sateliteko kamerak. Hortaz, trikornioa, hori bai XIX mendekoa, ez burujabetza!. Eta nobel sariaz nagoela, kolpea gero Bakearena Europako Batasunari eman izana!. Seguruenik Batasuna hitzak itsutu egin ditu prentsa irakurtzen ez duten epaileak. Serio orain, zintzoagoa izan zitekeen saria hemengo kafe-etxe bati eman izan baliote. Tira, ez ninduke harrituko hurrengo Kimika saria AEBetako talde ziklista ezagun bati emango baliote, egindako aurrerapenak saritzearren.

Ama, ama! Europako Batasuna!. Horra, Londres eta Madrilen artean ordu beteko aldea dela esango digute, galdetu barik ere. Bai zera! erlojuari begira izango da, zeren eta taupadametroari begira hamaika argi-urteko aldea baita. Europa honetan behintzat, zenbat eta latitude handiagoa orduan eta argitasun argiagoa, denetan; eta ipar poloan bertan da demokrazia handiena, urte erdia itzalean pasatuta ere. Jakina, Greenwich-ko meridianoa ez da inoiz gai izan latitudeak desberdintzeko. Galtzerdiak ez dira eskuetarako. Argien aroa, bai, kanpainan ere. Jelkideren batek esana da EHBildu koktel moduko zerbait dela, bertan gauche caviar itxurako burgesia eta Ipar Koreako ereduzaleak biltzen direla. Latitude kontua, berriz ere. Ene, ene! eskola-porrotaren beste adibide bat!. Ekintza armatua joana da, baina zuloak hortxe dira, jeldideek kudeatutako erakundeetan. Argien aroa, bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo