GARA > Idatzia > Kultura

Sitgesko Fantasiazko Zinema Jaialdian «Holy Motors» filma izan da garaile garbia

GARA | DONOSTIA

Leos Carax zinemagilearen «Holy Motors» pelikulak irabazi zituen sari nagusiak Sitgesen ospatzen den Kataluniako Nazioarteko Fantasiazko Zinema Jaialdiko 45. edizioan.

Estatu frantsesean ekoiztutako lan horrek film onenaren saria eta zuzendari onenarena eskuratu zituen, baita kritikaren epaimahaiarena eta Europan egindako pelikula luzerik onenarena ere.

Jennifer Lynchen «Chained» pelikulak epaimahaiaren sari berezia eskuratu zuen. Gidoi onenaren saria Alice Loweren «Sightseers» filmarentzat izan zen, eta «The viral factor» Yee Kwok-leung, Garrett Lam eta Ho Kwan-yeung zuzendarien lanak erabilitako efektu bereziengatik eskuratu zuen saria.

Publikoak Jake Schreier zuzendariaren «Robot&Frank» pelikula goraipatu zuen atzo amaitu zen zinemaldian. Jaialdia ixtearen arduraduna Rian Johnsonen «Looper» filma izan zen, Bruce Willis eta Joseph Gordon-Levitt protagonista dituen lana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo