GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Dena beharrezkoa!

 

Bost hilabete agintean bete ez dituelarik frantses presidentea egoera aztertzen, eragileekin hitz egiten, planak prestatzen ari omen da. Ez ditu bazterrak harrotu nahi, erabaki bortitz gehiegi hartu izan omen dira aitzineko gobernutik; ondorioz huts berdinetan ez omen du erori nahi. Ondorioz, ekintzari doakionez, Europako tratatua bozkatu dute frantses Parlamentuan, Sarkozyk prestatu zuen tratatua, eta aitzineko presidenteak egin zuen gisan, gerla berri bat iragarri digu Hollandek.

Egoera berdintsua ezagutu genuen barne arazoak hasi zirelarik Sarkozyrentzat, terrorismoaren kontrako gerla deitzen duten hori piztu zuten eta islamiarrak zapaltzen hasi ziren. Ondotik, kanpoko etsaia aurkitu zuten Libian eta beste gerla hasi zuten. Hain normala izan behar zuen presidenteak, aldaketa ekarri behar zuenak, aldaketaren bidea ez du aurkitu edo aterabide berrien atea huts egin du gogoetatzen ari zen bitartean. Haatik, aitzinekoek hartu zituzten erabaki berberak hobesten ditu.

Afganistandik gerlariak etxeratuko zituela agindu zuen, eta hala hasi zen. Baina, orain, kutxak hutsak daudelarik gerla baten azpiegituraren ordaintzeko prest agertu da. Kontzertazioa, adostea, du lematzat. Zer kontzertazio ireki du herritarrekin horretan sartzeko, herritarrei laguntzak murrizten dizkielarik? Zer da iruzur berri hau?

Valls jaunak laguntza handia ekartzen digu egoera argitzen, egunero neurri berriak ekartzen ditu, baina agindu zituenak, adibidez, hiri handietan egiten diren paper kontrolen inguruan ez du aldaketarik ekarri. Ematen du aitzineko gobernuak eramaten zuen politika bera jarraitu nahi duela. Horrela jarraituz sozialistek Bleu Marine alderdiari ateak irekiko dizkiote. Ez baita inoiz horrelakorik ikusi politikan, barne politikan erabakiak hartzen ez dituen gobernu bat, gai guztietan ezintasunean, baina gerlarako prest agertzen dena!

Bide horiek agortuak dira! Beste batzuk beharrezkoak dira, ez badugu esperantza galdu nahi. Hurbil ditugun eremuetan eragiten jarraitu behar dugu, Parisen gure arazoei erantzuteko nahikeriarik ez dutelako.

BECen izan gara; herri aske baten boza entzun dugu. Ez zen hiru herrialdeetako Parlamentuko hautagaien aldeko plebiszitua, baizik eta independentzia aldarrikatzen duen herri baten oihua. Hau izan baita gehien entzun den oihua. Noski, hiru herrialde hunkitzen dituen hauteskundeak heldu dira eta guk ez dugu bozkatuko, baina sinesten dut herri bakarra garela, hizkuntza bera dugula eta gure geroa loturik joanen dela. Orain arteko guztia behar izan da gauden lekura heltzeko. Militante eta ekintza guztiak beharrezkoak izan dira horretara heltzeko. Ez gaude denak erronka berdinen aurrean, baina bai elkarri lotuak gaude. Gure herriaren zati bat independentziara heltzen ari da, baina ez du askatasuna ezagutuko zazpi herrialdeak libro izan arte.

Beste politika batez hitz egin digute, pertsonarengan oinarritua, hitz eginez eraikitzen den gizarteaz. Ez gara lanik gabe, baina politikari profesionalek eskaintzen digutenaren ondoan gezurrik gabeko mezua da, lanera gomitatzen duena soilik.

Zalantzarik gabe, Laura lehendakari!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo