GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Elecciones del 21 de octubre

Parte-hartzea eta umorea, oilategia astintzeko

Batzuetan aspergarri samarra izaten den kanpaina politiko klasikoari umore ukitu bat ematen dio TxikEHn Bildu Interneteko ekimenak. Borroka ideologikoa, josteta eta jendearen parte-hartzea lotzen ditu, eta, «Chicken run» filmean oinarritutako aurkezpen trailerrean abisatzen duten bezala, oilategia astintzera dator.

p009_f01.jpg

Maider IANTZI

Vde Bildutik jaio da TxikEHn Bildu, kanpaina klasikoaren osagarri gisa. Komunikatzeko modu desberdinak bilatzen ditu, eta espazio bat eskaintzen dio jendeari bere ikuspuntua azal dezan, umorea, bihurrikeria eta sormena tresnatzat hartuz. Gauza txikiak izan daitezke, agian inon lekurik aurkitu ez dutenak. «Badator berriro V de Bildu eta oraingoan ere... oilategia astintzera gatoz!» izenburuko manifestu ideologiko eta politiko batekin aurkeztu, eta muntaketa eta bideoak sortzen hasi ziren. Hor bada zati hagitz garrantzitsu bat, jendearen parte-hartzea hain zuzen ere, nahi dutenek ekarpenak bidaltzen ahal dituztelako www.txikehnbildu.net-era.

Animaliak dira lan guztien lokarria, «Chicken run» pelikula hartu baitute eredu proiektua egiteko. Bertako irudiei ahotsa aldatuz trailer mugitu eta barregarri bat osatu dute. Oilo talde bat abeletxe batean harrapatuta dago, abeltzainek esplotatuta dituzte eta harresi horien barrenean ezin direla bizi ikusten dute. Bada oilo protagonista bat argibideak ematen dituena: «Hemendik ihes egin behar dugu», «kanpoan beste mundu bat dugu zain», «libre izan behar dugu». Eta Laura Mintegiren esaldiekin muntaketa egin dute. Azkenean, plan bat pentsatzen dute abeletxetik alde egiteko. Bada bertze pertsonaia bat, kanpotik etortzen dena eta Iñigo Urkulluren itxura eman diotena. «Oilar bat da, hitzen bi zentzuetan, eta plan honetaz paso egin eta oiloak pixka bat engainatzen saiatzen da. Egia da pelikulan, justu bukaeran, oiloei laguntzen diela. Ez dakit Euskal Herrian gerta daitekeenaren metafora den...», azaldu dute ekimenaren sustatzaileek umorerik galdu gabe.

Katapulta bat agertzen da eta Gernikako Estatutua izena jarri diote, ez baitu funtzionatzen. Bertze plan bat prestatu beharra dago eta Urkullu goitik salbatzera etortzen zaienean, muturreko galanta hartzen du. Halako gag batzuk daude. Momentu batean «nork bozkatu zion Bilduri?» galdetzen dute, eta Urkulluk: «Ez, ez, ez, ez!».

Trailer hau erabili zuten sare sozialetan aurkezteko ere, eta Intereconomia-raino iritsi zen! Bideoa TxikEHn Bilduren webgunean dago. Sare sozialak oinarrizkoak dira bultzatzaileentzat egitasmoa ulertzeko, horiek baitira jendeak parte hartzea, bidalitako muntaketak zabaltzea eta hauen inguruan mintzatzea ahalbidetzen dutenak. Azken batean, proiektua parte hartzeko leku bat izatea nahi dute.

Irriak, eta ideiak

«Hauteskunde kanpaina klasikoak badu puntu aspergarri bat eta ukitu umoretsua bilatzea izugarri gustatzen zaio jendeari. Ideologikoki hurbil sentitzen direnentzat, beste modu bat da hor dauden arazo batzuei buruz hitz egiteko. Umorea egiten dugu, baina ideiak jarri nahi ditugu mahai gainean, lotuta doaz», nabarmendu dute.

Beren gunean kuxkuxean arituz gero, bertzeak bertze, marrazoen bideo bat ikusiko dugu bankarien ahotsekin, pinguinoen bertze bat irailaren 26ko grebarekin bat eginez, eta hirugarren bat intentzio guztiarekin «Bildu! Bildu! Bildu!» oihukatzen duen marmota anderearena.

Harrera hagitz ona izan dute. Kataluniatik ere babesa eskaini dietela sumatu dute. «Gaur egun, teknologiarekin, jende gutxirekin astindu ederra ematen ahal zaio oilategiari. Aski da ordenagailu batekin. Ez duzu hedabide handietan agertu beharrik herritarrekin komunikatzeko eta zentzu horretan demokratikoagoa da. 15 euroko aurrekontua du gure proiektuak, webgunearen domeinuak balio duena. Taldean giro ezberdinetako militanteak gaude; gaztetxeetakoak, kultur elkarteetakoak... Honetarako elkartzen gara. Bueno, batzuetan ez dugu ia elkar ikusten ere, WhatsApp, Twitter, Youtube, webgune eta Facebook bidez komunikatzen gara», diote irri artean, eta WhatsApp-en talde bat izatea amets gaizto bat dela ohartaraztearekin batera, egun osoa «pi! pi!» entzunez.

Militantzia modu bat da, borroka ideologikoa egiteko sortua, baina baita ongi pasatzeko ere, euren ustez, militantzian, emateaz gain pertsona bezala zerbait jaso behar delako baliagarri izanen bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo