GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Geroa askatasunean eraikitzen» hasteko deia zabaldu da Donapaleutik

Nafarroak bizirik jarraitzen duela aldarrikatzeko ehunka lagun bildu ziren atzo Donapaleun. 1512an, usurpatzaileari aurre egiteko, liberazio-armada Nafarroa Behereko herri horretatik Iruñerantz abiaturiko martxa gogora ekarriz, deskonkista kolektiboa martxan jartzeko deiadarra zabaldu zuten.

p018_f03_111x111.jpg

Ainize BUTRON

Donapaleutik, ekialdetik mendebaldera eta Iparraldetik Hegoaldera, Deskonkista Kolektiboa abian jarri zuten atzo ehunka lagunek Nafarroa Behereko hiriburuan. Goizetik, Karrika Kurri desfileak Nafarroa eta Bearnoko bazterretatik etorritako dantzariak, musikariak eta jiganteak bildu zituen herriko karriketan.

Joaldunen doinuei jarraituz, Nafarroako ikur erraldoi batek irekitzen zien martxa dantzari eta musikariei.

Gaita-jotzaile, batukada eta trikitien doinuak lagundurik Iruñeko Ortzadar taldea, Zangozako dantza taldea, Nafarroa Behereko Bolantak taldea, Laudioko batukadak eta Bearnoko Saint-Pe-de-Leren herriko zangaluzeak aritu ziren dantzan Donapaleuko karriketan barna.

Bearnesek bat egin zuten atzo, beraz, euskal herritarrekin deskonkistaren bidea irekitzeko asmoa duen ekimenarekin, 1512an Nafarroa bearnesa zelako eta konkista bertaraino ailegatu zelako.

Euria nagusi

Antolatzaileek iragarri ez bezala, Nafarroa Behereko zerupean euria nagusitu bazen ere, Euskal Herri osotik deskonkista aldarrikatzera hurbildu ziren lagunak tente egon ziren dantzariei so eta desfilearen ondotik izandako ekitaldiko dantzetan parte hartzen. Nafarroako banderak nagusitu ziren merkatu estaliaren aitzineko plazan.

Nafarroako ikurrarekin batera, 1625. urtean konkistaren aurka frantsesez idatzitako adierazpen historikoa agertzen zuen banderolak ematen zien ongietorria guztiei: «Declaration historique, de l'injuste usurpation et rétention faite par les Espagnols».

Deskonkista Kolektiboaren inguruko hitzartzea hamabi eta erdietan egin zuten Nafarroa Bizirik ekimeneko kideek, eta, besteak beste, lehen hitzetan honakoa esan zuten: «Bat ginen, libro ginen, euskaldunak estatu bat ginen Europan: Nafarroa».

«Estatua eta independentzia kendu zizkiguten horiek, bortxaz kendu ere, beren estatua eta beren independentzia dituzte nazioartean. Herria bitan urratu ziguten eta beren lurraldetasuna armadaren hortzez defenditzen dute. Beren hizkuntza bost kontinenteetan inposatu dutenek gurearen heriotza zigorra izenpetua dute gure herrian, egun eta hemen», salatu zuten.

Izan ere, 1512an, Nafarroak espainiar armadaren aitzinean amore eman ondoren, merindade guztietatik iheska joandako «patriotak» Donapaleun biltzen hasi ziren, eta irail hondarrean liberazio-armada osatzera deitu zuten.

Hamabost egun geroago, «Erresuma neutrala indarrez usurpatu, okupatu eta tiranizatu» zutenen aurkako oldea Iruñerantz abiatu zen; hiriak eta eskualdeak altxatu ziren, eta 1512ko urriaren erditsuan Nafarroa bere independentzia berreskuratzeko zorian zen...

Gertakari historiko horren harira antolatu zen atzoko ekitaldia, eta bertan, konkista ez dela soilik duela bostehun urteko afera gogorarazi zuten: «Lehenago hasi zuten, eta geroztik ez da gelditu».

Nazioartearen sostengua

Aurten, konkistaren bostehungarren urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatuak izan direla-eta, horiek «gogoak inarrosi, sentimenduak arrapiztu, oinarria ezarri» zutela goraipatu zuten atzoko ekitaldiko antolatzaileek. Eta, jarraitu zuten: «Bidea baikara irekitzen ari, gure oraina idazten, geroa askatasunean eraikitzen».

Nafarroako hamabost herritako ordezkariak, baita Bizkai eta Gipuzkoakoak ere taula gainera igo ondoren, paper handi zuri bat eskuetan zuela, Jean-Claude Mailharin Nafarroa Bizirik-eko kideak honakoa ekarri zuen gogora: «Hutsik dagoen orri xuria da. Idazteko dugu geroa, orainean antolatzeko gai baldin bagara».

Eta, datorren urtean, berriz ere, Donapaleun bildu aurreko urtean, «gure burua autodeterminatzen, bide orria betetzen eta independentzia mentalean barnatzen» hasteko ordua dela esan zuen.

«Guk ez dugu gure iragan beltza arrosaz tindatzea nahi, ez dugu historia hobea ukan nahi. Geroa hobea dugu nahi, eta horretara gara abiatu», aldarrikatu zuten.

Geroa hobetzeko atzo ireki bideak nazioartetik hurbilduriko ordezkarien sostengua bildu zuen. Katalunia, Guatemala, Mexiko, Peru eta Bearnoko ordezkariak taula gainera igo eta ireki bidetik «zutik» jarraitzera deitu zuten.

Hitzartzea Eskoziaren aldeko aldarriak zabalduz bukatu zuten. «Gora Eskozia independentea, gora Eskozia librea» leloak, Euskal Herriaren independentzia eta Nafarroaren aldeko aldarrikapenekin bat egin zuten horretan. Azken agurra, Bizardunak taldearen himnoaren azken puska kantatuz bukatu zuten. Eta, abestiaren bi esaldi nagusi bi banderolatan erakutsi zituzten: «Eraitsitako gazteluetatik, aterpeak eraiki genituen. Belaunikaldiek utzitako zuloetan landatuko ditugu haziak. Nafar eztarri nazionalak berriz oihuka dezan, dituen ahots desberdin guztiekin bortizki, Eh! garrasi berbera».

Jai giroa

Ez zen bakarrik aldarrikapen eguna izan atzokoa. Kultur ekitaldien ondotik, besta herrikoia nagusitu zen merkatu estalian. Euria barra-barra aritu bazuen ere, tinko eutsi zuten bertaratu zirenek merkatu estaliko aterpean.

Musika lagun zutela, herri bazkaria eta hurbileko ostatua jendez bete ziren. Umore ona eta herriko kantuen abestiak azaldu zituzten. Ondotik, Iñaki Perurenaren erakustaldi «harri-garria», eta Buuzbu taldearen kontzertua izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo