GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Desafioa

Xabier Zalduak apustua jokatzeko deia egin dio Jon Irazu zizurkildarrari

J.L.

Xabier Zalduak apusturako deia egin dio Jon Irazuri. Zumarragakoak hirugarren postua eskuratu zuen irailaren amaieran jokatu zen Euskal Herriko Bigarren Mailako finalean, eta orain txapela lortu zuen aizkolariaren aurka jokatzeko gertu dagoela adierazi du.

Zumarragako aizkolaria prest dago 20 kana-erdikora jokatzeko. Hori bai, Zalduak berak eraman nahiko lituzke enborrak, eta 3.000 euro jokatzeko prest dago.

Apustua jokatzekotan, abenduaren amaieran, edo urtarrilaren hasieran jokatu nahi du Zumarragakoak, eta Asteasuko pilotalekuan. Beraz, baldintzak jarri, eta deia eginda, Zaldua datorren ostiral iluntzean egongo da Asteasuko Iturriondo tabernan Jon Irazuren zain.

Txapeldunen Liga

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako lehen fasea herenegun amaitu zen Bilbon, nahiz eta bukaerako emaitzak ez zuen garrantzi handirik, dena erabakita zegoelako aurretik ere. Floren Nazabalek irabazi egin zion Mugertza II.ari, eta Etxarrikoak, gainera, garaipen erraza eskuratu ahal izan zuen.

Aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin behar izan zituen, eta denetan nagusi izan zen Floren Nazabal. Lan guztiak bukatzeko 21 minutu behar izan zituen Nafarroako txapeldunak. Ugaitz Mugertzak, berriz, bere egin beharrekoak egiteko 23 minutu eta 42 segundo behar izan zituen. Finala datorren asteburuan jokatuko dute Bilbon, eta Nazabalekin batera han izango dira Otaño eta Atutxa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo