GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KANPAINA BARRUTIK | URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK

Komunikatzen jakiteak askatu egiten gaitu

Manu Marañonek jendaurrean eraginkortasunez mintzatzeko ikastaroak ematen ditu. Ez du formakuntza berezirik edo apartekorik politikarientzat, baina dituzten beharretara egokitzen da eta gero eta gehiago ari da eurekin lanean. Ideologia batekoa ala bertzekoa izan, gibelean pertsona bat dago eta bere ezaugarriak azaleratzen saiatzen da.

p011_f01_86754.jpg

Maider IANTZI

Politikari bat izugarrizko naturaltasunarekin ikusi eta berezkoa dela pentsa dezakegu, baina Komunikarte blogeko (komunikarte.org) arduradunaren iritziz, hori ikasi egiten da. Lehenengo, pertsona nor den ezagutu behar da; gero, non komunikatzen duen jakin: bileretan, talde zabaletan, mitinetan, ala talde txikietan, banakako harremanetan. Manu Marañon beti saiatzen da ahotsa eta gorputz mintzaira kontuan hartzen eta egitura egokia erabiltzen gauzak ongi azaltzeko, eta beti izaten du helburu sinpletasuna. Egitura, lagungarri bisualen erabilpena, hizkuntza, eszenaratzea sinplifikatzea da nahi duena, zenbat eta gauza sinpleagoa egin mezua handitu egiten delako.

Batzuetan, banakako ikastaroa ematen dio alkate edo parlamentari izan behar duen norbaiti; bertzetan, zortzi-hamar laguneko taldetan aritzen da. Talde horietan, esparru ezberdinetan komunikatu behar duen jendea egoten da, jende arrunta, eta hor integratzen dira politikariak. «Azken batean, ez dago komunikazio politiko bat, ez dago komunikazio profesional bat, gero bakoitzak badaki egokitzen formakuntza mota bat jasotzen badu. Naturaltasuna denentzat garrantzitsua da, politikarientzat ere bai, askotan antzerkia egiten ari direla iruditzen zaigulako, eta hori lortzea bilatzen dut».

Marañonek adierazi duenez, pertsona bakoitza bakarra gara, inork ez dauka nire ahotsa, nire mintzaira, nire nortasuna, nire estiloa. Inor ez da gai izanen nire moduan komunikatzeko. «Egia esan, natural izatea oso gauza artifiziala da. Konfiantza falta dagoelako, autoestima kolokan dagoelako, urduritasunagatik, estresagatik... jendaurrean hitz egiten dugunean artifizial edo zurrun samar egoten gara. Orduan, normalena nahiko artifiziala izatea da, eta naturaltasuna lortzeko sekulako lana egin behar da».

Eskola ematen duenean, gela barreneko eta kanpoko pertsona, profesionala eta pertsona antzekoak izaten ahalegintzen da, eta politikan gauza bera. Sarri alderdi bateko kideak nahiko uniformizatuak ikusten ditu, mezuan, hizkuntzan nahiz azaltzeko estiloan, agian antzeko formazioa jaso dutelako edo elkarrekin ibiltzeagatik. Eta komunikazio adituaren ustez, aberastasuna galtzen dute, aberastasuna norberarengan baitago. «Alderdi ezberdinetako edo alderdi berdineko bozeramaileek, eduki antzekoak edukita, emaitza oso ezberdinak lortzen dituzte. Eta emaitzarik onenak beti naturalenek lortzen dituzte». Garrantzitsua deritzo, bestalde, konfrontazio hizkuntzan solas egin ordez, baikortasunez, zentzu eraikitzailean egiteari, bertzeena kritikatzeaz gain, proposamenak eginez.

Herritarrak politikari

Nola prestatzen da herritar arrunt bat, politikari profesionala ez dena, hautagai izateko? Zer beldurri egin behar dio aurre? Bat-batean politikara etorri eta ardurak hartu dituen jendearekin lan egitea tokatu zaio Manu Marañoni, pentsaturik ez zela aterako bat-batean alkate atera da, edo pentsaturik zerrendatan atzean zegoela eta ez zela horretara helduko, hiri handi bateko alkateordea da. Lehen inpresioa honakoa izaten omen da: «Berriak gara, ez gara politikariak, egoeragatik gaude toki honetan eta esperientzia handiko politikari profesionalekin lehiatu beharko dugu». Orduan, lehen ardura edo kezka autoestimua eta konfiantza indartzea izaten da. Ez dutela trebeziarik eta irrigarri geldituko direla sinetsita egoten dira sarri, baina errealitatea desberdina izaten da eta pentsatzen dutena baino anitzez hobeki egiten dute. Bideo kamerarekin praktikak filmatuz, ongi egiten dutena nabarmenduz, eurak ere gai direla ohartzen dira. Eta irakasleak bertze gauza bat erraten die: «Zerbait berria ekartzen duzue, freskotasuna, naturaltasuna. Askotan herrigintzatik zatozte, politikariaren irudi ezberdin batekin, herritarragoak zarete. Ez al da hori ere positiboa? Zergatik ez diogu balioa ematen?».

Esperientzia hartu egiten dela nabarmendu du, praktikatuz, hanka sartuz, arriskatuz. Eta nahiago du jendeak arriskatuz noizbehinka hanka sartzea, urratsik ez egitea baino. Honekin lotuta, pausoa ematera ausartzen ez denari saiatzeko animoak eman nahi dizkio. «Bada jende bat ardura bat hartu duena politikan, eta nahiago du beste batzuek aurpegia ematea, beste batzuk joatea prentsaurrekoetara». Marañonen aburuz, ongi komunikatzen jakiteak askeago egiten gaitu denok. Esperientziadunak ere izaten ditu klasean, denek dute-eta zer ikasi eta hobetu. Anitzetan, abantaila baino traba iruditzen zaio irakasleari esperientzia, ez delako erraza akatsak aldatzea.

Jendea baliabide bila etortzen zaionean, argi mintzatzen zaio: «A maila, Championsa, eta bigarren maila daude. Baliabideak eraginkortasunez komunikatzeko dira, baina A mailan koherentzia dago, sinesgarritasuna, konpromisoa, hurbila izatea, esandakoa praktikatzea... Hemen huts egiten duenak baliabide guztiak ikasiko ditu, baina ez du zereginik», baieztatzen die ikasleei, nahiz eta hau ezin duen ikastaroan irakatsi.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo