«Egindako hutsik txikiena ere, aurkariek ederki baliatzen dute Bigarren Mailan»
Futbolaria
Haritz Mujikak bosgarren denboraldia beteko du aurten Mirandes taldean. Ekipoa Hirugarren Mailan zegoenean iritsi zen Burgosko lurretara, eta orain talde berarekin Bigarren Mailan ari da jokatzen. Bai taldearentzat, eta baita beretzat ere, lehen urtea da Bigarren Mailan, eta ohitzen ari dira. Taldeko kapitainetako bat da Mujika, baita zaleek gehien maite duten jokalarietako bat ere.
Jon LEUNDA
Haritz Mujika Gipuzkoako taldeetan ibili zen Euskal Herritik kanpora atera baino lehen. Real Sociedad B, Beasain, Real Union, Burgos CF, Figueras eta Zamora izan ziren Miranda Ebrora iritsi aurreko bere taldeak.
Nola doa zure Bigarren Mailako estreinaldia?
Ohitzen. Lehen aldiz ari naiz jokatzen maila honetan, eta apurka-apurka joan behar da. Taldearentzat ere lehen urtea da maila honetan, eta ez gabiltza ongi, baina denboraldia oso luzea da, oraindik ekainera bitarte asko geratzen da, eta uste dut aterako garela gauden lekutik.
Taldea ongi hasi zen, baina azkeneko emaitzak txarrak dira. Zer ari da gertatzen?
Zuk esan bezala ongi hasi ginen. Lehen partida etxean Villarrealekin galdu genuen, baina ez ginen gaizki aritu. Gero, beherala atera genituen bost puntu, baina orain atzerapausoa eman dugu. Orain dela astebete, esaterako, Elcheren aurka ez genuen galtzerik merezi, baina ez genuen ezer lortu.
Alde handia al dago Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara?
Batez ere kalitatean nabaritzen da. Bigarren B Mailan hiru aukera behar zenituen gol bat egiteko, eta hemen bat egin eta gola lortzen da. Horrek esan nahi du baita ere, zure hutsik txikienez ere baliatzen direla aurkariak, eta alde horretan nabaritzen dut alderik gehien.
Zaleek zer diote?
Gure zaleak oso onak dira. Beti taldearen gainean daude, beti animatzen. Badakite Bigarren Maila oso zaila izango dela, eta beti ari dira gu babesten. Beraientzat ere maila hau berria da, eta asko ari dira disfrutatzen, eta hemendik aurrera guk eman behar dizkiegu pozak.
Esan al daiteke Mirandes dela aurtengo Bigarren Mailako euskal taldea?
Ez, eta bai. Ez, zeren Miranda Ebro ez da Euskal Herria, hau Burgosen dagoelako. Bai, berriz, Euskal Herritik oso gertu dagoelako. Gasteiztik hogei minutura, Bilbotik ordubetera, edo Donostiatik ordu eta erdira. Hemen euskal jokalariak gara gehien, entrenatzaileak ere bai, beraz gertutasunagatik, eta gauden euskaldun piloarekin, esan daiteke; baina betiere kontuan hartuta hau ez dela Euskal Herria, Burgos baizik.
Zu dagoeneko etxean bezala sentituko zara, ezta?
Bai. Lehen esan bezala, oso lasai joanda etxetik ordu eta erdira nago, eta hemen gipuzkoar gehiago ere bagaudenez, astean zehar behin baino gehiagotan joaten gara etxera. Oso gustura nago hemen.
Jokalari berriak nola moldatu dira taldera?
Oso ondo. Etorri diren asko, gainera euskal jokalariak dira, eta primeran moldatu dira. Aldagelan oso giro ona daukagu, eta ez dago inongo arazorik. Denak primeran konpontzen gara.
Iaz Kopan egindako balentria gogoan izango duzue ezta?
Bai, eta ez dut uste inoiz ahaztuko zaigunik. Kopako kontuak jende askok ekartzen dizkigu gogora, baina guk garbi daukagu iazkoa errepikatzea oso zaila izango dela. Lehiaketa oso polita da, normalean minuturik gutxien jokatzen dituzten jokalarientzat ere primeran etortzen da. Gu saiatuko gara iaz bezalako lana egiten, baina oso zaila izango da hala gauzak ateratzea.
Diru aldetik nola zabiltzate?
Ongi, inongo arazorik gabe. Nik hemen lau urte daramazkit, eta ez dut hilabetearen amaieran kobratzeko inongo arazorik izan. Hemengo zuzendaritza oso serioa da, oso lan ona egiten du, eta alde horretatik ez daukagu inongo arazorik. Gaur egun futbola dagoen bezala, eta entzuten diren gauzak entzunda, gu oso lasai gaude. Bigarren Mailako beste taldeekin alderatuta, dezentez gutxiago kobratuko dugu, seguruenik ere, baina denok dakigu hilabetearen bukaeran kontratuan jartzen diguna kobratuko dugula.
Futbol adituek diote Villarreal eta Elche direla Lehen Mailara igotzeko faboritoak. Zuek bien aurka jokatu duzue, eta ados al zaude esaten dutenarekin?
Bueno, emaitzei begiratuta, arrazoia eman beharko zaie. Egia da guk bien aurka jokatu dugula, eta une honetan gainerakoak baino koska bat gorago daudela ere iruditzen zaidala, eta horregatik daude dauden lekuan. Dena dela, guztia baieztatzeko urtarrilera arte itxarongo nuke nik. Oraindik bi hilabete besterik ez dira pasa Liga hasi zenetik, eta egin beharreko bidea oso luzea da. Urte berriarekin batera hasten dira komeriak, eta orduan ikusten da zeintzuk dauden indartsu eta zeintzuk ez, baina garbi dago igotzeko faboritoetako bi direla.