Mikel Aramendi Kazetaria
Godwinen legea egokitu asmoz
«Reductio ad hitlerum» delakoa hitzetik hortzera erabiltzeko joera hainbat handiagoa da konparatzailearen etorkia bere garaian -hau da, 1925-1945 bitartean- nazismotik edota faxismotik hurbilekoa izan bazen
Leo Straussek reductio ad hitlerum (edo, zorrotzago esanda, aberratio ad hitlerum) falazia lehenbizikoz serioski salatu zuenetik hirurogei bat urte bete direnean, eta Mike Godwinek sareko eztabaidei buruzko bere «lege» isekaria formulatu zuenetik beste hogei bat igaro direnean, edozein delarik eztabaidagaia Hitler -edota haren garaiko Alemania- hizpidera ekarri eta aurkaria deskalifikatu nahi izateko keria intelektualak puri-purian segitzen du edonon. Zer esanik ez ingurumari hauetan: berandu hasi... baina nola eusten dioten batzuek arlotekeriari, batez ere naziotasun kontuak teman direnean! Dibertigarria ere bada batzuen seta.
Agidanean, ez dira enteratu Godwinen legeak zioenaz (halakoentzat, hona hemen: «Lineako eztabaida bat luzatu ahala, naziekiko edota Hitlerrekiko konparazioren bat agertzeko probabilitatea 1era hurbiltzen joaten da») eta are gutxiago geroxeago norbaitek erantsi eta Godwinek bere egin zuen korolarioaz: naziekiko konparazioa «agertzen denean, argi geratzen da nork galdu duen eztabaida». Konparazioa egiten duenak, noski.
Hain dago hedatuta izurritea Espainian, ezen Godwinen legea bera egokitu edo eraberritu beharra dagoela esango bainuke. Ingurumari hauetako berezitasuna baita Godwinek ezarritako aurrebaldintzaren antzutasuna edo beharrik eza: eztabaidak ez du luze joan beharrik ditxosozko ateraldia ager dadin. Batzuetan, lehenengo arrazoibide bezala agertzen da eta, jakina, hortik aurrerakoa edonork imajina dezake. Probabilitatea 1era hurbiltzeko zioa, beraz, ez datza eztabaidaren iraupenaren baitan, tematzaile batzuen nortasunean baizik.
Eta -hemen dator Godwinen legearen egokitzapenerako nire ekarpen apala- urteak daramatzadanez fenomenoari begira, hara zer iradokitzen didaten nire behaketek: konparazio ergel hori hitzetik hortzera erabiltzeko joera hainbat handiagoa da konparatzailearen etorkia bere garaian -hau da, 1925-1945 bitartean- nazismotik edota faxismotik hurbilekoa izan bazen. Intuizio zabar samarrez iritsi nintzen konklusio horretara, baina, geroztik, ebazpena alderantzikatuz, ia matematikoa dela sinestera iritsi naiz.
Bada kasu bat, bereziki esanguratsua, burutazio honetarako oso argigarria suertatzen dena. Kazetari ospetsua da Madrilen, eta erantzukizun (eta ordain) marduleko postuak eduki ditu hedabide ezberdinetan, gertaera bitxi baten protagonista izateagatik ezagunagoa bada ere jendartean. Azken urteotan, idazten duen bakoitzean -eta maiz idazten du oraindik- «reductio ad hitlerum» bat jaulkitzen duela esatea ez da gehiegikeria. Edozein duelarik gaia (bueno, egia esateko, beti gai bertsuaz idazten duela ematen du). Deitura aski berezia duenez, bere arbasoen argibide arruntenak aurkitzea ez da zaila. Eta bide batez, nahiko aise jakin daiteke haren aitona enbaxada naziaren goi arduradunetakoa izan zela Madrilen, eta bertan geratu zela II. Mundu Gerra amaitzean. Zergatia, asmakizun.
Aitonaren deitura ez ezik, izen berbera ere badarama bilobak. Horretaz sekula ez du fitsik esan inoiz.