NBEk 2013an mundu mailako elikadura krisia izango dela dio
NBEk esan duenez, munduko ale erreserbak oso eskasak dira eta AEBetako eta beste hainbat herrialde esportatzailetako klima gogorrak datorren urtean gosete nabarmena eragin lezake. Oxfamen hitzetan, datozen hogei urteetan artoa eta garia lehengaien prezioak bikoiztu egin litezke. Horrek herrialde txiroenetan benetako sarraskia eragingo luke, elikagaiak erostera bideratzen baita diru sarreren zati handiena.
GARA | WASHINGTON
AEBetako, Ukrainako zein beste herrialde batzuetako aurtengo uzta eskasek 1974az geroztiko maila baxuenean utzi dute AEBetako ale-erreserba. Besteak beste, 2012an izan diren bero-bolada eta lehorte izugarrien ondorioz, datorren urteko arto kontsumo aurreikuspenaren %6,5a baino ez du.
«Ez gara kontsumitzen dugun adina jasotzen ari. Horregatik jaitsi dira hainbeste stockak. Elikagai-hornidura egun oso mugatua da mundu osoan eta erreserbak oso maila baxuan daude. Ondorioz, datorren urtean ezohiko gertakariren bat izanez gero, aurre egiteko aukerarik gabe geratuko ginateke», ohartarazi du Abdolreza Abbassian Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeko ekonomialariak. Elikagaien kontsumoak azken hamaika urtetatik seitan jasotakoa gainditu duenez, herrialdeetako erreserbek behera egin dute, eta soilik 74 egunerako jana dute gordeta -duela 10 urte 107 egun asetzeko lain zegoen-.
2008an artoa eta gariaren prezioek istiluak sortu zituzten 25 herrialdetan eta egungo prezioak urte hartakoetatik gero eta hurbilago daude. FAOk aste honetan argitaratutako datuen arabera, munduan 870 milioi pertsona daude elikatu gabe eta elikadura krisia areagotzen ari da Afrikan eta Ekialde Ertainean. Aurtengo gari ekoizpena 2011koa baino %5,2 txikiagoa izango dela aurreikusten dute, eta gainerako elikagai gehienen ekoizpenak ere, arrozarenak izan ezik, urriagoak izango dira, NBEren hitzetan.
Mundu mailako ekologista esanguratsuenetako batek munduko elikagai hornidura edozein unetan kolapsatu daitekeela ohartarazi eta gutxira argitaratu dira datuok. Kolapso horrek beste ehunka milioi pertsona gosetera kondenatu, istilu orokorrak sortu eta Gobernuak botako lituzke. Washingtongo Earth ikerketa zentroko lehendakari Lester Brown aren hitzetan, ez dago klimarekin fidatzerik eta elikagaien eskaria abiadura handian hazten dela aintzat hartuta, krisia saihestezina da, benetako urgentziaz ekin ezean.
FAOk dioenez, 2012an elikagaien prezioak %1,4 igo dira irailean, errekor maila izatetik gertu, uztailean %6 igo ostean.
«Prezioen gorakada eta gosetearen hedapen aroan sartzen ari gara. Elikagai hornidurak nonahi murrizten ari dira eta lurra salgai preziatuena bihurtzen ari da, mundua elikagai ugaritasuneko aro batetik eskasia aro batera pasatzen ari den bitartean».
Hamaika lerroko testua Hamaika lerroko testua Hamaika lerroko testua Hamaika lerroko testua Hamaika lerroko testua Hamaika lerroko testua Hamaika lerroko testua Hamaika lerroko testua Hamaika lerroko testua Hamaika lerroko testua Hamaika lerroko testua