GARA > Idatzia > Ekonomia

Sokoako langileek hainbat arduradunen «jokamolde errespetugabea» salatu dute

p030_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | HENDAIA

Arazoek bere horretan diraute Hendaiako Sokoa enpresan. Duela hilabete batzuk hainbat mobilizazio eta lanuzte egin zituzten beren lan-baldintzak okertu zirela-eta. Oraindik arazo horiek konpontzeke daudela, beste batzuk gehitu dira, laneko giroa zeharo zapuztu dutenak.

Hala jakinarazi zuten atzo enpresaren egoitzaren aitzinean egin zuten elkarretaratzean. «Gaur bereziki salatu nahi dugu enpresaren zerbitzu batean -administrazioa eta salmentak- gertatzen ari dena, egoera jasanezina bilakatu baita», adierazi zuen Jean-Michel Dirassar enpresa batzordeko kideak.

Zerbitzu horretako langileak «sekulako presioa pairatzen ari dira», bere esanetan. «Tentsioa, errespetu eza, trataera erabat desegokiak, arduradunak beti langileen gibeletik presio egiten... jokamolde horiek eguneroko ogi bilakatu dira eta lan-harremana zinez gaiztotu» dela nabarmendu zuen langileen ordezkariak.

«Jazarpen hori dela medio, langile batek asteak eman ditu bajan, antsietateak jota. Lanean hasi berria da, baina orain beste hiru lankide mediku tratamenduan dira eta horietako batek ere baja hartu behar izan du», zehaztu zuen Dirassarrek.

Lan Ikuskaritzara

Zuzendaritzak arazo horiek konpontzeko «hitz ederrak» baizik ez dituela ikusirik, Lan Ikuskaritzara jotzea erabaki dute. «Gutun bat igorri diogu gertatzen dena azalduz eta hartuko dituen neurrien zain gaude», gaineratu zuen LABeko kideak.

Irtenbideak bilatzeko egiazko neurriak abian jartzen ez badira, «hortzak erakusteko» prest direla ziurtatu zuten langileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo