BBK-k Dimako Udala 330.000 euroko zorra amortizatzera behartu du
Dimako alkate Rafael Ugaldek atzo eginiko agerraldian entitateari leporatu zion EAJren aurreko legealdietan amortizatu beharreko zorra luzatu baino ez egitea, eta orain diru hori lehenbailehen ordaintzeko exijitzea Udalari, herriaren egoera ekonomikoa zein den jakinda.
GARA | DIMA
Rafa Ugalde Dimako alkateak atzoko agerraldian azaldu zuenez, BBK-k diruzaintza kontu bat amortizatzeko exijitu dio Dimako Udalari. Aipatutako zorra 330.000 eurokoa da, 2005ean eskatua, EAJren aurreko legealdian.
Ugaldek BBKren jokabidea salatu zuen, «sei urte egon da (EAJko bi legealdi) inongo amortizaziorik exijitu barik. Aurreko legealdian, amortizatu beharreko zorra luzatzea erabaki zuen BBK-k eta interesak kobratzera mugatu da orain artean. Orain ordea, 330.000 euroko zorra lehenbailehen amortizatzeko exijitu dio udaletxeari».
Ugaldek azpimarratu zuen azken urteotan Dimak BBKri 100.000 eurotik gora ordaindu dizkiola interesetan, eta herriak egoera ekonomiko larria pairatzen duela jakin arren, jasangaitza den ordainketa inposatzea leporatu zion BBKri.
«Dimako Udala ez dago diruzaintza kontu hori amortizatzeko plan baten kontra, baina baldintzak ezartzeko, alde guztien arteko akordioa beharko da», gaineratu zuen.
Diputazioaren neurriei ezetz
Ugalderen esanetan, Bizkaiko Foru Aldundiak finantza arazoak dituzten herrientzako onartutako neurriak, alegia mailegu baten bitartez egitea, ez da egoerari aurre egiteko modua.
«EAJk utzitako zorra Diman, 2.000.000 euro baino gehiagokoa da; urte batean zorra %13,6an murriztea lortu bada ere, aurrekontuaren %20ra iristen da aurtengo finantza-zama, eta zama hori gaindituko balitz urtea negatiboan itxiko genuke», ohartarazi zuen Ugaldek.
Hartara, Bizkaiko Foru Aldundiari bestelako irtenbide bat proposatzeko lanean ari direla aurreratu zuen Ugaldek. Udalaren egoera zaila kontuan hartuko duena, eta ordainketa plan jasangarria bideratzeko.
Dimako Udalak aurreko legealdietatik bi milioi eurotik gorako zorra jaso duela jakinarazi du Ugaldek, eta Aldundiari ordainketa plan jasangarri bat proposatuko diotela.