GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

MIKEL ANTZAREN BIGARREN NOBELAREN AURRERAPENA

Luma edo ezpata idazlea klandestinitatean

Idazle batek beste bati Martuteneko kartzelatik ihes egiten lagundu dionez geroztik atzerrian bizi da, lanbiderik gabe, herritik urrun, lehen jori sortzen zitzaizkion istorioak asmatzeko ezindurik. Zalantzez estututa dabil: gerraren erdian nola jarraitu idazten?, zertaz idatzi beste batzuek dena ematen diharduten bitartean? Literatura, kartzela, ihesa, exilioa, klandestinitatea eta amodioa dira Mikel Antzaren «Atzerri» nobela berriko ardatzak. Urriaren 31n liburua jendaurrean aurkeztu aurretik, pasarte bat eskaintzen dizugu gaur.

p010_f01.jpg

Berriro ere Rive Gauche-ra jo dugu, Latinoa gurutzatu dugu eta goizean elkartu garen toki berera, Edgar-Quinet metro aurrera eramateko eskatu dit, handik badakiela oinez eta galdu gabe ostatura joaten tematu da.

Ez zait batere ideia ona iruditu. Segurtasun aldetik akatsa izan daitekeela jakinagatik ere, egun osoan deus susmagarririk ikusi ez dugula-eta nire burua zurituz etsi dut.

Goizeko hitzorduko La Liberté tabernaren aurre-aurrean, gure ezagutza ordu gutxi batzuetakoa den arren ez baitugu uste sekula berriro elkar ikusiko dugunik, besarkada estu eta sentikor bat eman diogu elkarri.

Bihar goizean ostatukoei aireportura joateko taxia deitzeko eskatuko die.

Etzi deituko dugu Mexikora gorabeherarik gabe iritsi dela ziurtatzeko.

Eta metro-zuloan sartu aurretik burkideari azken agurrerako begiratzean, kukututa ikusi dut egunkari-kiosko baten atzean.

Egun osoan une oro inguruan genuenari adi inolako zantzu susmagarririk atzeman ez badut ere, atezuan jarri nau burkidearen jokabide estrainioak.

Gordelekura bidean lur-azpian sartu naizenerako deliberatuta nengoen besteetan baino neurri gehiago hartzera.

Hutsik dago nire noranzko nasa. Pasatu berria izango da metroa.

Bestean bospasei bidaiari han-hemenka barreiatuta.

Geltokira iristear dagoen metroaren zaratak bete du barrunbea.

Beste noranzkoan doana da. Hobe nirea izan balitz.

Inguruak azkar husteko presa egin zait. Metro barruan kameren bidez zelatatua arratoi-zulo batean harrapatuta nago.

Urrats presatuak eskaileretan behera nire nasarako pasabidean.

Ez da inor agertu ordea beste noranzko metrora bidaiariak igotzeko minutu eta erdian atezuan begira egon naizen bitartean.

Abiatu da metroa.

Bakarrik nago nasan.

Eraman ditu metroak pareko nasakoak.

Bakarrik nago Edgar-Quinet geltokian.

Zeharka begiratzen diot pasabide ahoari, gero eta urduriago.

Buru bat kukuka. Berriro ere urrats presatuak.

Bizkor abiatu naiz pasabidera, hiru oinetako pare eskaileretan gora arin igotzen aurrena eta gero, nik ere gora egin ahala, oinetakoen jabeak bizkarrez ikusteko: bi gizon eta emakumezko bat.

Azken unean nasaz tronpatu diren turistak, saiatu naiz lasaitzen neure burua, beste noranzkoan agertuko dira berehala, beti izan behar da esperantza.

Beste bidaiari ale batzuk agertu dira, ez ordea hirukotea.

Usain txarra du aferak.

Nire nasara bidaiariak agertu diren bakoitzean hirukotea ikusteko beldurrez egon naiz.

Agertzen ez direnez, azken unean metroz bidaiatu ordez taxia hartzea erabakiko zuten bidaiari presatuak zirela erabaki dut, oraindik ere azalpen buru lasaigarri bila, nire nasarako eta parekorako pasabide ahoak zelatatzeari utzi gabe, horregatik haiek azaltzen ez diren heinean esperantza estali nahian dabilen kiratsari putz eginez.

Lehen bagoia geltokira sartu den unean azaldu dira nire nasako pasabide ahotik; zain egongo ziren.

Emakumeak larruzko poltsa darama sorbaldatik bularren aurrean gurutzatuta zintzilik, gizonetako batek esku-zorroa eta besteak, gerriko poltsa, nik bezala; nik ez bezala pistola eramateko?

Ez didate begiratu.

Banandu egin dira metro bagoiek nasa bete bitartean elkar ezagutuko ez bailuten; bikoteak nasaren ezkerraldera jo du, beste gizonak eskuinaldera; nigandik ez oso urrun ezker-eskuin kokatu zaizkit bizkartzain.

Atxilo har nazakete.

Atzean dut pasabidea, aurrean metroa balazta zarata kirrinkariz mantsotzen gelditu arte.

Auskalo zer dudan pasabidean zain.

Arrastoa galarazteko, baldin lehenago ekiditen ez badidate, ohartu ez denarena eginez metroan sartzea hobetsi dut.

Ni erdiko atetik eta beraiek beste bietatik nire bagoi berera igo dira niri jaramonik egin gabe, nik orain bikotea eta orain gizonezkoa begiz iltzatuta ditudala ez ohartzea ezinezkoa bazaie ere.

Aurreikusi bezala azken-azken unean hurrengo geltokian, egun osoan erabili ez dugun Raspailen jaitsi naiz.

Irteerarantz korrika, begi ertzetik konturatu naiz ez ditudala oharkabean harrapatu; atea itxi aurretik, turista nahastuen «Oi! hemen da-eta!» esanez bezala atea ixtea galaraziz irten dira nire atzetik.

Ondo ezagutzen dut geltokia.

Lasterka irteera hurbilenetik lurrazalera etorbidea gurutzatu geltoki bereko beste ahotik sartu haiek nire atzetik arnasestuka lur-azpitik irten aitzin.

Etorbidean ezker-eskuin begira nondik jo dudan arrasto bila daudekeen bitartean txartel berria sartu presaka izkinan ispilua duen korridoreraino ordainlekua zelatatzeko.

Burumakur haien artean eztabaidan agertu dira.

Galdu naute. Parisko kaleetan korrika halabeharrez atera naizenean igaro den zorioneko beraientzat zoritxarreko taxi batean usteko dute.

Edgar-Quineteranzko nasara abiatzen ikusi ditudanean kontrakorako pasabideko eskaileretan behera egin dut; nasan agertu gabe, beraien begiradetatik eta kameretatik gordeta itxaron dut mailadian eserita.

Tamalez nire noranzkoa iritsi da aurrena. Utz nezake joaten, baina hobe dut bertatik azkar ateratzea, zer gerta ere.

Azken-azken unean ateak ixtear sartu naiz jauzi batez muturreko bagoiaren gidariaren kabina ondoko atetik.

Hor zeutzan hirurak aulkietan leher eginda hankak luze oinak egosita. Goizeko hitzorduaz geroztik atzetik izan baditugu ez da harritzekoa, harritzekoa nola ez ditugun detektatu da. Ni ere leher eginda nago.

Fitxa

Izenburua: «Atzerria».

Egilea: Mikel Antza.

Argitaletxea: Susa.

Orrialdeak: 333.

Irteera data: Urriak 31.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo