GARA > Idatzia > Kultura

LITERATURA

«Gaur egungo euskara batuko aditz jokoaren %50 ez du inork erabiltzen»

p054_f01.jpg

Xabier Amuriza

«Zazpi ebidentzia birjaiotzarako» atera du

1941ean jaioa Bizkaiko Etxanon. Militantzia politikoaz gainera, idazle, kazetari, irakasle eta bertsolari lanagatik ezagutzen dugu. Hainbat liburu idatziak ditu bertsolaritzaz, eta, horiekin batera, saiakera, bertso eta prosan beste hainbat lan kaleratu ditu. Hainbat disko ere baditu grabatuak.

Ainize BUTRON | BAIONA

«Euskara batuaren bigarren jaiotza» liburuari jarraipena ematen dion «Zazpi ebidentzia birjaiotzarako» lana kaleratu du Xabier Amurizak Lanku argitaletxearekin. Lehenengo alean alferreko eztabaida sortzen zuten gauza txiki batzuk albora utzi eta enbor nagusiei heltzen die Amurizak ebidentzia moduan. Liburuarekin eztabaida sortu nahi luke idazleak.

Zer nahi izan duzu esplikatu liburu honen bidez? Zazpi ebidentzia horien adibide zehatz batzuk eman ahal dituzu?

Ez da erraza. Adibide zehatzak ezin ditut eman, baina, nik defenditzen dudan tesia da aditza sinpletu, erraztu eta laburtu egin behar dela. Euskararen barrutik ateratzen ditut adibide anitz aditza errazteko. Badakit kontu zaila dela, baina, ebidentzia bezala ikusten dut gaurko euskara batuaren aditz ofizial horretatik %50 inork ez duela erabiltzen, hurrengo %25a gaizki erabiltzen dela eta gelditzen den %25a nahiko gaizki erabiltzen ari dela eta erabiliko dela. Hizkuntzak baditu eremu asko laburtu beharrekoak: kazetarien titularrak, publizitatean, kaleko hizkuntza guztia, esloganak...

Elkarrizketa txiki edo luzeetan, euskaraz, beti dago aditz bat eta aditz hori luzea denez beste hizkuntzekiko beti harrapatzen gaitu espazio gabe. Kanta bat egin nahi badut, «netorke» esaten badut hiru silaba dira, baina, «etorriko nintzateke» esan behar badut, horrek kantaren zortzi nota jaten dizkit. Laburtzeko izan duguna berreskuratu behar dugu, eta aditz trinkoak ezin ditugu galtzera utzi. Niretzat hori ebidentzia da zeren horiek salbatzen dute gure hizkuntza arlo askotan.

Hitzen kasuan nolako ebidentziak azaltzen dituzu kaleratu duzun liburuan?

Liburuan zerrenda luze bat dago, bi mila hitzena. Europan mila milioi lagunek garatu duten unibertso kontzeptual kultural horren barne, denek batera, darabiltzaten bi milatik gorako lagin bat jaso dut. Nik diot guk ere barne izan behar dugula, baldin hitz batean, euskaraz, ordain argi bat ez badugu. Gure hiztegiak oraindik badabiltza lanbro batean, zirriborro zehazgabe batean, hitz horiekin ondare komuneko hitz bat ez hartu arren.

Lehenik euskal hitza lehenesten dut, baina, adibide askotan, «anbizio» hitzean, adibidez, ordain argirik ez dago, eta ez dago sortu beharrik ere. Bestalde, euskalkietan dauden hitz argi batzuk maila nazionalean jaso behar ditugu. Hori hiztegietan egiten da. Baina, oraindik bide luzea geratzen zaigu horretan, eta ez dakit zergatik.

Ez al dakar teoria horrek hizkuntza nagusien aurrean amore ematea?

Ez. Hizkuntza nagusiek ez dute hori egin inperioa sartzeagatik. Hizkuntza horiek gure ondare kultural bihurtu dira. Latina eta grekoa ukatzen badituzu gure hizkuntza guztien oinarria ukatzen duzu.

Eta, ezin dugu hori ukatu, gu mundu honetan bizi baikara. Unibertsal kontzeptu komuna garatu dute eta, guk, horren aparte ezin dugu gelditu, bestela zulora goaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo