GARA > Idatzia > Kultura

«Barrura begiratzeko leihoak» filma hilak 27an estreinatuko da

A. A. | DONOSTIA

Ez da makala «Barrura begiratzeko leihoak/Ventanas al interior» film dokumentalaren bueltan sortu den iskanbila eta, datorren larunbatetik aurrera (hilaren 27tik), nahi duen orok izango du lana ikusi, hausnartu eta ondorioak ateratzeko aukera, ordutik aurrera Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan ikusteko parada izango baita. Zinez elkarteak aurreratu duenez, Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategi zuzendariek bost euskal presoren bizipenak aintzat hartuta egindako dokumentalaren estreinaldia Bilboko Bizkaia Aretoan (EHUko paraninfo berrian) izango da, eta sarrerak bihartik aurrera eskuragarri egongo dira Kafe Antzokian eta Kalderapeko tabernan. Une horretatik aurrera eta urte bukaera bitartean, filma Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 30 aretotara iritsiko da. Emanaldien egutegia www.zinez.net gunean dago eskuragarri eta, bira itxita ez dagoenez, emanaldia antolatu nahi duenak emanaldiak@zinez.net helbidera idatz dezakeela ere azaldu dute elkartekoek.

Era berean, filma ikus daitekeelako «ilusioz beterik» badaude ere, puntu horretara iristeko pasa dituzten zailtasunak salatu nahi izan dituzte eta, alde horretatik, Arartekoarengana jotzea aztertzen ari direla gaineratu dute. Dena den, «mehatxu eta susmo txar guztiak amaitzeko» era onena dokumentala ikusi eta norberak ondorioztatzea dela argudiatu dute.