GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Guk, gurea!» erran diete beratarrek Iruñeari eta Madrili ikurrinaren bestan

p020_f02.jpg

GARA | BERA

Ikurrinaren aldeko besta egin zuten atzo Beran, Iruñeko eta Madrilgo agintariei argi errateko herriak bere ikurrak dituela eta indarrez kendu arren, ez dizkietela sentimenduak, kultura, nortasuna, hizkuntza ebatsiko. Mezu hori zabaldu zuten Udalak antolatutako kalejiran, azkenaldian Nafarroako udaletxe batzuetara ailegatu diren jakinarazpenei erantzunez. Bertzeak bertze, Berara, Lesakara, Elgorriagara eta Baztanera iritsi dira idatzi horiek espainiar Gobernuko Ordezkaritzatik, ikurrina kentzeko eskatzeko. Eta UPNk eta PPk ere ikur honen kontra egin dute.

Beratarrek, ordea, herri baten sinboloak eta ikurrak ezin direla inposatu aldarrikatu zuten, ez dekretuz, ez legez. «Ikurrak sentitu egin behar dira, bizi, norberarenak egin», azaldu zuten euriari aurre eginez «uste baino puskaz hobeki» joan zen ekitaldian. Marisol Taberna alkatea kontent zen 60 lagunetik goiti bildu zirelako eta kalean giroa hotza izan arren, kalejira egin zutelako Berako plazatik Altzatekora. Herriko dantzari, txistulari, trikitilari, bertsolari, txalapartari eta kantariek parte hartu zuten, eta hauek bukatu zutenean publikoa goititu zen plazako agertokira. Ikurrina bat altxatu zuten eta testu bat irakurri, eta amaitzeko sagardoa eta txistorra jatea izan zen.

«Ikurrina legeztatu zenetik, gurean izan da beti, gurea sentitzen dugulako», agertu zuten. «Nafarrak gara, euskaldunak gara, eta sentimendu hori agertzen dugu gure ikurretan ere. Orain, gure borondatearen kontra, beratarren gehiengoaren kontra, Espainiako bandera inposatu nahi digute, eta ikurrina behin betirako debekatu». Beratarrek garbi utzi zuten: «Guk, gurea!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo