GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ehunka pilota jaurti dituzte, Enara Rodriguezen kontrako erasoa salatzeko

p017_f02.jpg

GARA | BILBO

Pilotariak kolektiboak protesta ekintza egin zuen atzo goizean Bilbon, Enara Rodriguez Arkaitz Rodriguez preso politikoaren arrebak ustezko polizien eskutik jasan zuen erasoa salatzeko. Pilotariz jantzitako hamar kidek Enara Rodriguezen testigantzaren zenbait pasarte erakutsi zituzten karteletan, Bilboko Moyua plazan Gobernu espainolaren Ordezkaritzaren aurrean, baita preso politikoen senideen kontrako «erasoak» amaitzeko eskatu ere.

Zestapuntak erabiliz pilotak jaurti zituzten eraikinaren kontra, Poliziak geldiarazi zituen arte. Naiz-en ikusgai dagoen bideoak erakusten duenez, ehunka pilota jaurti zituzten eraikinaren kontra. Bukaeran, Enara Rodriguezen testigantzaren kopia bat entregatu zuten Gobernu espainoleko Ordezkaritzan, Carlos Urquijo ordezkariari zuzenduta.

«Espainiako Gobernuaren jarrera krudela salatzen dugu, presoen sakabanaketari eta asteburuetako erruleta errusiarrari amaiera ez emateaz gainera, indar parapolizialak bidaltzen baititu euskal preso politikoen senitartekoak jazartzera eta hiltzen saiatzera, Enara Rodriguez-en kasuan gertatu den bezala», salatu zuen atzo Pilotariak kolektiboak ohar batean.

Araitz Zubimendi, aske

Bestalde, Araitz Zubimendi aske geratu zen atzo. Segi gazte erakundeko kide izatea leporatuta, sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten gazte hernaniarri, beste zenbait gazterekin batera.

«Jarrai-Haika-Segi» sumarioan auzipetua, 2005eko urtarrilean atxilotu zuen polizia frantsesak Baionan, eta euroagindu baten ondorioz, estatu espainolaren esku jarri zuten. Sei urteotan zehar tarte bat kalean eman zuen, baina epaiketaren ostean, zigorra osorik bete zezan berriro kartzelatu zuten. Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkide izan zen Zubimendi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo