Mikel Ibarguren Idazlea
Biharko egia
Erdietsi edo eraikia izan den guztiak du nolabait bere hazia utopiaren batean. Ezinezkoa dirudien horretan. Halako batean gauzatzen den arte. Horregatik, pragmatismoarekin batera utopiaren ilusioa ere beharrezkoa delakoan nagoBizitzen ari garen iruzur unibertsal honen erdian egia esatea ekintza iraultzaile bat da». Ez naiz gogoratzen nork esan zuen, baina ez zuen arrazoi faltarik. Politikari profesional zein agintarien erretoliken erretorikak entzunda, ez da harritzekoa jendea kopetaraino egotea. Espainiako erregearengandik hasita azken apezpikuarenganaino, denak aho batez mintzatu zaizkigu independentziari buruz. Kimerari edo ameskeriari buruz. Pentsatzea ere, esan dute, behin eta berriz, telebistetako enperadore ahalguztidunek, asmo hori burutik kentzeko esanez.
Bistan da, ideologia hegemonikoa osatzen duen nazionalkatolizismo zaharberrituarentzat erokeria da aldarri hori, are pentsaezina. Drama bat da, dena espainiartzen ohituak daudenentzat, Espainia ez den beste herri baten izatea irudikaezina baita haien garun urtuentzat. Akabo, mendez mende, indarrez eta odolez egituratu duten imajinario kolektibo harro eta menperatzailea. Espainiak ez ei du amore emango, ordea; ez ei da banatuko, esan du Aznar kapitain jeneralak. Enegarren gurutzada prest dute, jada. Eta agian arrazoi dute Montenegro urrun dagoela diotenean, baina amigo, Katalunia, bertan dago, bertago ezin. Eskozia ere (diferentziak diferentzia) eredu gisa askoz hurbilago dago Euskal Herritik Espainiatik baino. Hauentzat dena da arazo polizial, sozioekonomiko, kultural, politiko nahiz identitarioa. Mataza askatu beharrean, nahitara okerreko muturretik tira eta gehiago estutzen dute korapiloa. Dena problematizatzeko joera baitute, zentzu freudiarrean esanda.
Eta agian arrazoi du Ibarretxek ere. Agian utopia gauzagarrien garaiak bizi ditugu (Sabin Etxean ere hala ote diote?), baina utopia hori gauzatuko bada, espainiar proiektutik kanpo gauzatuko da edo ez da gauzatuko. Independentzia krisi ekonomikotik irteteko ere baliagarria dela pentsatzea ez baita, jada, esneketariaren ipuina. Harri Arora beharrean, etorkizunera garamatza zuzen-zuzenean. Utopia ez baita ez-leku soil bat, zerbait atenporala. Utopiak alternatibak eskaintzen dizkio dagoen sistemari. Eta duen baliorik funtsezkoena ez dateke, paradoxikoa dirudien arren, utopikoa dela; egungo sistema eraldatzeko duen potentzialitatea baizik. Dagoen eredua halako stand by batean ezartzen du, errealitate posible berriak proposatzen dituen bitartean. Garenetik izango garenera eramaten gaitu. Horregatik, agian, utopia gauzagarrietatik hurbilago geundeke independentzia ere alternatiba erreala den heinean.
Gauzak horrela, XVI. mende hasieran askatasunaren kontzeptua bera ere utopikoa zela gogoratu behar genuke. Berlingo harresia eroriko zenik uste al zuen inork? Edo nola sortu ziren ikastolak? Hitz batez, erdietsi edo eraikia izan den guztiak du nolabait bere hazia utopiaren batean. Ezinezkoa dirudien horretan. Halako batean gauzatzen den arte. Horregatik, pragmatismoarekin batera utopiaren ilusioa ere beharrezkoa delakoan nago. Pragmatismoak pausoak labur ematen erakusten duelako eta utopiak, aurrera begiratzen. Independentzia disparatea dela diote, ez duela etorkizunik.
Franchement, nahiago dut Victor Hugorekin batera utopia biharko egia dela pentsatzea.