GARA > Idatzia > Kultura

Hamaika euskal kontzertu Bartzelonan, EH Sonaren 15. urteurrena ospatzeko

Bartzelonako Euskal Etxeak urtero antolatzen duen EH Sona jaialdia inoiz baino indartsuago dator aurten, besteak beste, Doctor Deseo, SA, Lisabö, eta Ruper Ordorikaren kontzertuekin. Ekitaldiez gain, Euskal Etxeak argi utzi nahi izan zuen atzo egindako aurkezpenean jaialdia euskal musikaren plataforma gisa eskaini nahi dutela, bai euskal taldeak Katalunian ezagutarazteko, baita programatzaile katalanek egungo euskal musika ezagutzeko aukera izan dezaten ere.

p046_f01.jpg

Beñat ZALDUA | BARTZELONA

Musika jaialdi batek ez ditu 15 urte egunero betetzen. Are gutxiago, laguntza gutxirekin antolatutako ekitaldiak badira. Hori dela eta, Bartzelonako Euskal Etxeak ahalegin berezia egin eta aurten inoiz baino indartsuago datorren EH Sona jaialdia antolatu du; egungo euskal musikaren plataforma gisa funtzionatu nahi duen ekimena.

Horrela azaldu zuen atzo Aitor Arrutik, Euskal Etxeko kultur koordinatzaileak: «Kulturak pairatutako murrizketak sakonak izan arren, inoiz baino talde gehiago ekarriko ditugu aurten, inoiz baino kontzertu areto gehiagotara». Bi helburu azpimarratu zituen Arrutik. Batetik, «euskal musikari buruzko betiko leloak apurtzea», egungo aniztasuna islatuz, eta bestetik, «jaialdia euskal taldeak ezagutzera emateko plataforma bilakatzea». Helburu bikoitza da azken hau: hasten ari diren edo baliabide urriak dituzten taldeei Bartzelonara etortzeko aukera ematea eta programatzaile katalanek izan ditzaketen aurreiritziak gainditu eta gaur egungo euskal musika anitza lehen eskutik ezagutzea.

Horretarako, hilabete luze bateko programazioa aurkeztu zuten atzo, zeinak 15 ekitaldi jasotzen dituen, urteurrena aintzat hartuta. Urriaren 26an Lauroba pop-rock talde donostiarrak joko ditu lehenengo soinuak eta DJ Makalak jarriko ditu azkenengo notak abenduaren lehenean. Tartean, estilo eta mota guztietako kontzertuak izango dira; Lisabö eta Ama Say taldeetatik hasita -urriaren 27an Apolo aretoan- Gasteizko Soziedad Alkoholikaraino -azaroaren 30ean areto berean-. Doctor Deseo taldearena izan liteke arreta handiena izan dezakeen kontzertua, azaroaren 23an Razzmatazz areto ezagunean ikusi ahal izango dena.

Giro lasaiagoan arituko dira, besteak beste, Jabier Muguruza, Ruper Ordorika eta Mikel Urdangarin, azaroaren 10, 16 eta 22an, hurrenez hurren. Kale musikarako denbora ere iritsiko da azaroaren 3an, Euskal Etxeak Gracia auzoko kaleetatik barna urtero ospatzen duen trikipoteoarekin.

1960ko hamarkadako estiloa baliatuta garai bateko abesti ezagunak berritzen dituen The Sparteens taldeak itxiko du egun horretan jaia. Etxe, The Hot Wok, Kherau, We Are Standard, Norte Apache eta Peachy Joke taldeek osatzen dute euskal musikaren jaialdia. Egitarau osoa ehsona.com web orrialdean ikus daiteke.

Arruti ez da bakarrik egon gaurko aurkezpenean. Ondoan zituen Institut Catala de les Empreses Culturals (ICEC) erakunde katalaneko musika arloko zuzendari Albert Bardolet, Etxepare Euskal Institutuko ordezkari Aizpea Goenaga eta kontzertuetarako aretoen ordezkari gisa aritu zen Carles Tenesa Litus.

Hirurek zoriondu zuten Euskal Etxea EH Sonaren 15. urteurrenagatik eta aurten lortutako asmo handiko programazioagatik. Era berean, egungo egoera ekonomiko zailak laguntzak zailtzen dituen arren, etorkizunean kolaborazio bide berriak jorratzeko eskaintza zabaldu zuten.

15 URTE, 15 EKITALDI

Hamabost urte betetzen ditu aurten EH Sona jaialdiak eta hain zuzen hamabost ekitaldi prestatu dituzte hori ospatzeko. Egitaraua «www.ehsona.com» webgunean dago eskuragarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo