GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Krisian batez ere, militarizazioa eta armagintza, Estatu espainolaren lehentasunak

Estatu espainola Europaren eta munduaren begiradapean dago bere egoera ekonomiko kaskar eta arriskutsuagatik. Hala ere, krisi betean, bada nabarmendu eta salatzeko moduko beste gairik. Gasteizkoak kolektiboaren urteroko txostenak agertzen duenez, militarizazio handiko prozesuari ekin dio Estatuak, krisiaren testuinguruan are eskandalagarriagoa dena. Prozesu kezkagarria, inondik ere, arlo politikoari zein ekonomikoari dagokienez.

Herrialde Katalanen eta Euskal Herriaren aldarrikapen subiranistak direla-eta, azken asteotan izandako adierazpen onartezin ugariak Indar Armatuetan errotutako pentsaeraren erakusgarri dira, baita botere politikoari dioten mespretxuarena ere. Arlo ekonomikoari dagokionez, jakina da oinarrizko zerbitzu publikoak murriztu eta murriztu ari direla, baina ez horren ezaguna murrizketak ez direla armada eta polizia gastuetara zabaltzen. Logika ezin maltzurragoan, krisiaren ondorioz izaten diren gizarte protestei aurre egiteko modu bat militarizazioa areagotzea da, horrek krisi egoera -eta herritarren eskubideena- okertzea badakar ere. Horrek, eta Administrazioak armagintzari ematen dion laguntzak argi asko erakusten dituzte Estatuaren lehentasunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo