GARA > Idatzia > Ekonomia

Lurramaren 7. edizioaren arrakastak leku aldaketa egokia izan dela berretsi du

p032_f02.jpg

GARA | BIARRITZ

«Aurtengo Lurraman izandako parte hartzeak erakustazoka Baionatik Biarritzeko Irati aretora aldatzeko iaz egindako hautua egokia zela berretsi du», adierazi dute antolatzaileek.

Izan ere, hiru egunetan 20.000 bisitari bertaratu dira herri laborantza iraunkorra sustatzea helburu duen ekimenera. Kontsumitzaileen eta laborarien arteko harremana bultzatzeaz gain, belaunaldi ezberdinen artekoa ere errazten duela gogorarazi dute. Are, berriro ere, barnealdeko eta kostaldeko lurraldeen lotura egiteko ere parada ezin hobea eskaini duela deritzote.

Milaka haur tailer pedagogikoetan, 3.000 otordu, arraza askotariko kabalak ikusgai, laborariek berek eraldatutako produktuen azoka, Aveyron departamenduko nekazaritzaren egoera eta hango ekoizpenak ezagutzeko edota dastatzeko aukera... Horrek guztiak eta gehiagok bete du aurtengo egitaraua.

Laguntzaileei eskerrak

Lurrama gogoeta-gune ere baden aldetik, aurten ere eztabaida presente izan dela nabarmendu dute, zehazki, datorren urtetik goiti aztertzen hasiko den Europako Nekazaritza Politika Komun berria izan da hizpide eta ez nolanahiko ordezkariekin, Nekazaritza ministroak berak izan baitzen mahai-inguruan.

Halako ekimenak arrakasta izan badu, laguntzaile eta boluntarioen lanari esker izan dela gaineratu dute. Aurten 530, gehienak gazteak, aritu dira jo eta ke lanean. Garazi eta Biarritzeko Ostalaritza lizeoetako ikasleek eta Frantseseniakoak Kanaldude telebista gunean egindako ekarpena ez dute goraipatu gabe utzi antolatzaileek.

Datorren urterako hitzordua finkatu dute. Lurrama 2013 urriaren 18tik 20ra izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo