GARA > Idatzia > Euskal Herria

Polizia frantsesak Saul Curto zorrotzarra atxilotu du Puy-Saint-Gulmierren

Estatu frantseseko Jendarmeriak Saul Curto Lopez bilbotarra atxilotu zuen atzo Puy-Saint-Gulmier herrian, ETAko kide izatea leporatuta. 2008. urtetik leku ezezagunean zegoen eta urte horretan zenbait komunikabideren kontra atentatzea egozten diote indar polizialek.

GARA | PUY-SAINT-GULMIER

Frantziako jendarmeriak Saul Curto Lopez bilbotarra atxilotu zuen atzo Puy-Saint-Gulmier herrian, ETAko kide izatea leporatuta.

Estatu frantseseko erdialdean kokatuta dagoen herrixka honetako supermerkatutik irteten ari zela atxilotu zuten Curto. Atxiloketa unean soinean armarik ez zeramala adierazi dute Europa Press eta Efe agentziek, poliziei ez diela aurre egin gaineratuz.

Betiere bi agentzia espainiarren diotenaren arabera, Saul Curto 2008ko abenduaren 31n zenbait komunikabideren kontra egindako atentatuarekin lotuta dago; «indar antiterroristen» bertsioa litzateke hori.

Hain zuzen, urte horretan bertan desagertu zen Curto, eta lau urte eman ditu leku ezezagunean. Ertzaintzak «terrorista bilatuenen» zerrendan sartu zuen berriki.

Europa Press agentziak dioenez, Curtoren izena Arantza Zuluetaren -2010ean atxilotutako abokatua- oharretan agertzen zen, eta atzo atxilotutako bilbotarra ETAren «aparatu logistikoarekin» lotzen zuten horiek.

Europa Pressen informazioak dioenez, Halboka (Hormak Apurtuz Laster Borrokalariak Kalera) erakundearen eta ETAren artean mezulari lana egiten zuen Curtok.

Betiere iturri horien arabera, Saul Curtok «komunikazio organikoa» mantendu zuen David Pla, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Arantza Zulueta, Iñaki Goioaga eta besterekin, Halboka deituriko erakundeko kide liratekeenak.

Elkartasuna Bilbon

Atxiloketaren harira, elkarretaratzera deitu zuten atzo Zorrotzako Renault dendaren aurrean, Curtoren familia eta lagunei elkartasuna adierazteko, eta bilbotarra «berehala aske» utz dezaten eskatzeko.

ARMARIK GABE

Frantziako erdialdean dagoen herri txikiko supermerkatu batetik irtetean atxilotu zuten Saul Curto. Une horretan ez zeraman armarik eta ez zien poliziei aurka egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo