GARA > Idatzia > Kultura

«Kafe aleak, 121 disko irakurketa» edo beste horrenbeste musikazaleren proposamenak

Egitasmoan musikari ez den musikazaleak hartu du parte, bakoitzak bere «airera»: bizipen pertsonaletan oinarrituz, hausnarketa soziopolitikoa eginez, fikzioa asmatuz, olerki edo marrazkietan babestuz...

p048_f01.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Kafea eta Galletak egitasmoa 2008an sortu zen Gernikako gaztetxean. Geroztik, tarteka, kontzertuak antolatu izan dituzte bertan, ezohiko formatuan: Jotzekoa den taldeari disko bat aukeratu dezan eskatu eta iluntzean lagunarteko entzunaldia egiten dute aurrena, kafea eta gailetak dastatuz, taldeak oholtza hartu baino lehen.

Baina orain bi urte pausu berri bat ematea deliberatu zuten Leire Lopez Ziluaga eta Ibon Rodriguez Garcia egitasmoaren gidariek, eta zerrenda luze-luze bat osatu ostean disko baten gaineko iruzkina egiteko gonbitea luzatu zieten lagunei, bakoitzak bere ikuspegi eta moldera.

Emaitzak argia ikusi du orain, «Kafe aleak, 121 disko irakurketa» izeneko liburu ederrean ?autoekoizpenean, jakina?. Barruan musikari ez diren musikazale mordo batek iruzkina egiten du, inoiz inon eragin izan dion disko baten inguruan. Guztien artean behin eta berriro liburura jotzeko moduko lana osatu dute, aleka irakurtzekoa, ezagutzen genituen diskoak beste belarri batez entzun eta ezezagunei belarriak irekitzeko.

Askotarikoak dira hautatutako diskoak? heren bat 90eko hamarkadakoak?. Miren Jaiok, esaterako, The Beach Boys-en «Pet Sounds» hautatu du, Oier Guillanek Tom Waits-en «Alice» eta Iker Barandiaranek Bap!! taldearen «... Bidehuts eta etxehuts».

Iruzkingile gehienak (%25 emakumea da) Euskal Herritarrak dira, baina ez guztiak? Zizek filosofoa ere bada bertan, Wagner proposatuz?; lana euskara hutsez plazaratu da eta erdaratan idatzi diren iruzkinak itzuli egin dira. Aurki kontrako bidea egin eta euskarazkoak gaztelerara emango dituzte. Gero www.kafeaetagailetak.net atarian aleka agertuko dira, eta lana finitzean e-pub formatuan doan eskegiko dute, guztia Creative Commons lizentziapean.

«Musikak eman digun gauzarik onena bidean egin ditugun lagunak dira» dio liburuko sarrerak. Lagunak eta musika bezain suspergarri dira bertako kafe aleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo