GARA > Idatzia > Kultura

Liburutegien Egunean, guneok betetzen dituzten funtzioak aztertuko dituzte

N.B. | DONOSTIA

Donostiako liburutegi sareak hainbat jarduera prestatu ditu Liburutegien Egunerako. Ospakizuna berez bihar bada ere, gaurtik hasiko dira ekintzak. Nerea Txapartegi Udaleko Kultura eta Euskara zinegotzia, Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendaria, Arantza Mariskal Tabakalerako Mediatekako arduraduna, eta Arantza Urkia Udal liburutegi sareko zuzendaria izan ziren egitarauaren aurkezpenean.

Txapartegik azaldu zuen programatu dituzten ekintzek liburutegiek gaur egun duten funtzioari buruz eztabaidatzea dutela helburu. Hala, informazioa bilatzeko gunea izateaz gain, formakuntzarako lanabesa, bizikidetzarako gunea eta topalekua dela adierazi zuen.

Donostiako Udal Liburutegia 1874an sortu zen, eta ordutik zerbitzua zabalduz joan da. Liburutegi nagusiak hiru egoitza ditu orain; auzoetako kultur etxeetakoak beste hamabi dira; musika eta dantza eskolan badago beste bat, baita Urgull mendian, San Telmo Museoan eta Martuteneko Amundarain ikastetxean ere. Gainera, Internet bidez katalogoa kontsultatzeko aukera dago, eta azken urteetan egunkari zaharrak digitalizatu dituzte, herritarrek etxetik irakurri ahal izateko.

Donostia Kultura eta Tabakaleraren arteko kolaborazioaren testigantza emateko izan zen Ane Rodriguez aurkezpenean. Berak, gaur bertan Okendo Kultur Etxean ospatuko den hitzaldiaren berri eman zuen. Teknologia berriez inguratuta bizi garen une honetan, irakurtzeko eta idazteko modua aldatu egin dela esan zuen, eta horregatik Juan Gomez Jurado idazleak, 19.30etik aurrera, liburutegiek egoera horri egokitzeko eman beharreko pausoak zeintzuk diren aipatuko du. «Cuando la biblioteca cabe en un bolsillo» hitzaldia doakoa izango da.

Bihar, Liburutegien Egunean bertan, egitaraua oparoagoa izango da. Goizean zehar, 9.30ean hasita eta 13.30 arte, liburuzainei zuzenduriko mintegia ospatuko da Fermin Calbeton kalean dagoen haur liburutegian sare sozialetan aditua den Nieves Gonzalezen eskutik. Arratsaldean, 18.30ean, hizlari berak Liburutegi Nagusian (San Jeronimo kalea) publiko orokorrari zuzenduriko «El futuro del libro electrónico es complicado» hitzaldia eskainiko du. 18.00etan ipuin kontaketak izango dira Okendo kultur etxean. Helduek Teresa Echegarayren ahotsean entzungo dituzte Euskal Herriko kondairak, gaztelaniaz, eta 3-5 urte bitarteko haurrek, euskaraz, Judith Huegunen eskutik.

10-12 urte bitartekoek, berriz, liburu elektronikoak ezagutzeko aukera izango dute azarotik aurrera. Fernando Morillo idazleak apirilera arte iraungo duen tailerra egingo du, eta bertan irakurtzeaz gain, musika entzun, ipuinak sortu eta iPad-ak eskaintzen dituen aplikazio desberdinak ezagutuko dituzte. Hogei haurrentzako lekua besterik ez dago, beraz, nahi duenak izena eman beharko du haurliburutegia@donostia.org helbidean.