Frantsesa-euskara hiztegiaren edizio berria kaleratu du Elhuyar Fundazioak
A.B. | BAIONA
«Euskara-frantsesa/ français-euskara» hiztegiaren bigarren argitalpena kaleratu du Elhuyar Fundazioak. Zortzi urte igaro dira, 2004an, lehen edizioa kaleratu zutenetik, «hiztegi berriak» sortu direla-eta, berritzeko ordua zela iruditu zaio Elhuyarri.
«Ohar dezente jaso ditugu erabiltzaileen aldetik ere», zehaztu zuen Josu Aztiriak, Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak saileko arduradunak. Euskal Erakunde Publikoak martxan jarri duen «Nola erran» Interneteko hiztegia eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan oinarritu dira edizio berria aberasteko. Ohiko hitz arruntekin batera, hitz teknikoak eta zenbait egitura gramatikal eta esapide biltzen ditu hiztegiak. Lehen argitalpenarekin alderatuta, hiztegia adibidez eta oharrez (6.753 inguru) hornitu dutela argitu zuen Elixabete Etxeberria hiztegiaren arduradunak.
Horretaz gain, hiztegiak 42.034 unitate ditu, bakoitza eremu geografikoaren markaz, marka semantikoz eta erabilera-oharrez osatua. Horiekin, 36.667 sarrera eta 5.367 azpisarrera biltzen ditu. «Indar bat egin dugu, oro har hiztegia erabilgarriagoa egiten saiatu gara», azpimarratu zuen, berriz, hiztegiaren arduradunak.
Hiztegia, frantsesa zein euskara ikasten ari den edozeinentzat erabilgarria izateaz gain, adin guztietara egokitu dutela esan zuten.
Aurreko edizioarekin urtero bost mila ale saltzen zituen Elhuyarrek, gehienak Ipar Euskal Herrian. Hiztegia erabiltzaileak dituzten euskarri guztietara zabaldu nahian, edizio berria Interneten bidez smartphonetan eta tabletetan kontsultagai jartzeko lanean ari zirela nabarmendu zuen Josu Aztiriak. Azkenik, erabiltzaileen iritziak eta oharrak jaso ahal izateko www.elhuyar.org/hiztegiak-iritzia helbidea jarri dute martxan.