Artistek «Bakera bidea» hartu dute, Euskal Herri osora iritsi nahi duten erakusketen bitartez
Baionako Elkar dendan ikusgai izango da «Bakera bidean» erakusketa hurrengo larunbatera arte. Baina ekimena ez da hilabetearekin bukatuko, heldu den urtean beste gune eta herri batzuetarako bidea hartuko baitu. Herrira mugimendua abiapuntu, Begiradak elkarteak gauzatu duen ekimenak bake prozesuaren alde diren artista guztiak elkartu nahi ditu.
Idoia ERASO
Artistek bake prozesuari lotu eta beraien ekarpena egin nahi izan dute. Euskal Herrian bakea aitzinarazi nahi dute, baita mundu zabalean ere. Artista bezala hitza hartu dute, baina ez politikoki egiten den moduan, baizik «obrak emanez publikoki», azaldu du ekimenaren antolatzaile den Herrirako bozeramaile Gabi Mouescak. Mugimendua gizartearen sostengu zabala biltzeko egiten ari den lanaren barruan kokatzen da erakusketa hau: «Artistak mobilizatzeko eskatu genion Angela Mejiasi, eta anitz bildu dira bere inguruan. Hasieratik beste artista berri batzuk ere elkartu dira», gaineratu du Mouescak.
Hilaren hastapenetik irekia den «Bakera bidean» erakusketa arrakasta biltzen ari da. «Arras ongi ibiltzen ari da. Oso pozik gara hartzen ari den zabalkundearekin, ahoz-ahozkoaren bitartez eta sare sozialek lagunduta oihartzun handia ari da izaten», adierazi du Angela Mejiasek, Begiradak elkarteko buruak. Bisitariak ikusle izatetik erosle izatera ere pasatzen ari direla gaineratu du argazkilari ere baden Mejiasek: «Jadanik obra bat saldu dugu eta beste batzuekiko interesa ere piztu da».
Baionan hasi den erakusketa hau denboran zehar zabalduko den proiektu baten lehen urrats gisa definitu dute sortzaileek. «Kolektiboa handitu nahi dugu. Begiradak elkarteak sortu zuen, baina gero denei irekia izanen da. Ez gara Baionako gure xokoan geldituko, beste toki batzuetara eramanen dugu», nabarmendu du Mejiasek. «Barnealdera eta kostaldera ere irekiko da heldu den urtean. Herrirako tokiko lantaldeetan mintzatzen ari dira jendea mobilizatzeko eta erakusketak antolatzeko», azaldu du Mouescak egitasmoari buruz. Oraingoz konfirmatua den hitzordua Baionako Corsaires galerian izango da, martxoan.
Begiradak elkartearen partaide edo lagun diren 29 artisten lanek osatzen dute lehen erakusketa hau. Horien artean dira Euskal Herriko Juan Gorriti, Gonzalo Etchebarria, Bruno Aguerre, Irkus, Daniel Velez, Christian Borde Moustic, Iker Valle, Patxi Lazkarai, Lorentxa Beyrie, Mattin Partarrieu eta Angela Mejias bera.
Atzerritik ekarpena egin nahi izan duten lau artista ere atzeman daitezke: Paris eskualdeko Antoine Mailler, Peruko Veronica Jorquera Donoso eta azkenik Paraguain oihartzun handia duten Patricia Ayala eta Roberto Ayala. Azken horiek guarani herriaren defendatzaile sutsuak dira, Tierra sin Mal elkartearen bidez. «Helburua ez da gure zilborrari begira dagoen erakusketa bat sortzea, baizik eta denen artean esku hartzera gonbidatzea», azaldu du Mejiasek erakusketak duen izaera internazionala azaltzeko.
«Artistek gizartean erantzukizuna badutela erran nahi dute. Aitzinatzeko momentua orain dela ere esaten ari dira», azaldu zuen Herrirako bozeramaileak. Mejias bat etorri zen ikuspegi horrekin: «Ez dugu gure erosotasun txikian gelditu behar. Eskaerak, mundua berreraiki... Urrunago joan behar da eta inplikatu, gure maila txikian bada ere».
Margolan, argazki zein eskulturak daude ikusgai Baionako erakusketan, betiere, artisten adierazpen librearekin bat egiten dutenak: «Artistei beren artelana aukeratzeko askatasun guztia utzi diegu, ezer ez da inposatua izan. Jendea interesatzeko aukera utzi behar dugu. Bakerako bidea norberaren askatasunetik hasten da».
Aniztasuna arte diziplenetan bezainbat estiloetan ere nabaria da. Argazkiei erreparatuta, esaterako, Veronica Jorquera Donosoren aurpegien erretratuekin batera Angela Mejiasek detaileei eskaintzen dien interesa lotzen da. Daniel Velezek, bere aldetik, gaur egungo gizartean bizirik dauden tradizioei buruz egindako irudien ondoan, Antoine Millerrek adineko pertsonen argazki zuri-beltzezkoei ematen dien fantasia kolorea ikus daiteke.
Erakusketa bukatzean salduak izan ez diren artelanak sarean erosteko aukera abian jarriko da. Artelan hauen salmentatik lortu dirua Herrirarentzat izango da.
Erakusketan presente diren obrek beste zabalkunde mota bat ere izango dute hemendik gutxira. Artelanekin postalak ere egingo dituzte, bakearen bidean laguntza txikia eman nahi duten pertsonengana ere ailegatu ahal izateko.
Tokia: Baionako Elkar megadenda.
Data: Urriaren 27ra arte, larunbata.
Antolatzailea: Begiradak elkartea, Herrira mugimenduaren laguntzaz.