Kaleratzeak, eskubide baten urratze argia, bidegabekerian oinarritutako sistema baten isla
Barakaldoko epaitegien aurrean izan zen elkarretaratzera bildutakoek hurrengo egunetan etxetik kaleratuko dituzten zenbait lagunen kasuen berri eman zuten atzo. Hala ere, kaleratzeak ia eguneroko kontua dira. 2008tik, krisia hasi zenetik, gaur arte kaleratutakoen kopurua ikaragarria da, eta egunik egun emendatuz doa. Kasu horietako bakoitza benetako drama da, baina finantza munduaren hiztegian ez dira «elkartasun» edo «justizia» hitzak existitzen; «poza», «tristura» eta gisakoak, berriz, zenbakiei lotuta agertzen dira beti. Legediek, konstituzioek, herritar guztien etxebizitzarako eskubidea jasotzen dute, baina eskubide hori eta, beraz, legea errespetatzen ez direnean, eta hori oso maiz gertatzen da, kaltetuak babesgabe geratzen dira. Areago, bankuek kaleratzeen alde baliatzen dituzte legeak, agintarien laguntzarekin, benetan noren interesak babesteko sortu eta erabiltzen diren erakutsiz. Baina, nolanahi ere, legeak betetzetik harago, kaleratzeak bidegabeak dira. Krisi egoeran inoiz baino argiago ikusten da hori, baina kaleratzeak betiere dira bidegabeak, bidegabekeria oinarri duen sistema ekonomiko baten isla dira-eta.