Ikusle berri eta kritikoak sortzeko jardunaldiak prestatuko ditu Ballet T elkarlanak Donostian
N.B. | DONOSTIA
Biarritzeko Malandain Balletaren eta Donostiako Victoria Eugeniaren arteko lankidetzatik sortutako Ballet T mugaz gaindiko koreografia zentroari indarra emateko zenbait jarduera prestatu dituzte Gipuzkoako hiriburuan.
Dantza ekitaldiak elkarrekin prestatzen lau urte badaramatzate ere, aurten jarduera parte hartzaileagoak prestatuko dituzte publiko kritikoa sortzeko asmoz. «Emanaldia iragankorra da, gehiago disfrutatzeko tresnak eman behar zaizkio ikusleriari», azaldu zuen Norka Chiapusok, Donostiako antzerki eta dantza egitarauaren arduradunak. Horretarako, Kukai dantza taldeko koreografoa den Jon Mayaren laguntza izango dute.
Azaldu zuenez, jarduerek publiko berria sortzeko eta ikusleria sentsibilizatzeko balio dute. Dinamika desberdinak sortzeko bi tailer prestatuko dituzte Izaskun Lapaza Rodriguez dantza garaikideko dantzariarekin eta Aiko taldearekin, eta dantzari buruz ezer ez dakitenek zein gaia barneratua dutenek parte hartu ahal izango dute.
Mayak nabarmendu zuenez, beste jarduera batzuk dira antzokiko Klub Aretoan izango diren topaguneak. Dantza emanaldi bakoitzaren ostean, publikoak nahi izanez gero koreografoekin solasaldi lasai batean parte hartu ahal izango du.
Bestalde, Biarritzeko Malandain Balletak euskal dantza jantzien eta taldeko argazkien erakusketa bat prestatu du, baita «Voulez vous danser» dantza ikastaro azkarrak ere. Bertan, agertokian ikusi ahalko den koreografiaren parte bat ikasi ahal izango dute herritarrek.
Malandainen inguruan entsegu publikoak, bisitaldiak eta masterclass-ak ere prestatu dituzte, jendeak jakin dezan ikuskizunak nola sortzen diren.