GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bizi!-ko kideak Kontseilu Nagusira igo dira AHTren kontra borrokatzeko

Bizi! kolektibo ekologistako hamazortzi kidek Paueko Kontseilu Nagusiko egoitzatik AHTren kontrako pankarta bat zintzilikatu zuten atzo goizean. Polizia eta suhiltzaileak bertaratu ziren militanteak handik kanporatzeko, eta hamaika atxilotu zituzten, baina gero aske utzi.

p018_f01_148x95.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

Urriaren 27rako Baionan Abiadura Handiko Trenaren kontra iragarria den manifestazioaren karietara, ekimenak metatzen ari dira. Atzo, Bizi! kolektibo altermundialistako kideek Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak Tours eta Bordele arteko trenbidea egiteko ordaindu duen 80 milioi euroko finantziazioa salatu zuen. Bizi!-ko hamazortzi kidek Paueko egoitzaren aurrealdean pankarta bat zintzilikatu zuten, eta jendearen artean informazioa banatu zuten.

Goizeko hamar eta erdietan aktibista bat zuhaitz baten gainera igo zen, eta «Alferrikako eta inposaturiko egitasmo handiei ez» zioen pankarta zabaldu zuen. Bitartean, beste militante batzuek Kontseilu Nagusiko teilatura ailegatzea lortu zuten, eta horietako hiru eraikinaren aurrealdetik jaitsi ziren sokekin.

Bizia arriskuan

Poliziak eta suhiltzaileak berehala ailegatu ziren. Pankarta erdi zintzilikatua izan zen, baina Kontseilu Nagusiko zerbitzuetako zuzendaria den Arnaud Mandementek hautsi egin zuen. Bizi!-k salatu duenaren arabera, poliziak militanteen segurtasunaz kezkatuak baziren ere, Mandementek beraien bizia arriskuan jarri zuen pankartatik indarrez tiratu zuenean.

Poliziak hamaika militante atxilotu zituen bertan, eta hiruretarako aske utzi zituen. Eskalatzeko materiala konfiskatua izan zen eta suntsitua izango da, fiskalaren aginduz.

Heldu den larunbatean trenbide berriaren kontra egingo den martxa arratsaldeko hiruretan abiatuko da Laugatik. Antolatzaileak ingurumenaren aldeko elkarteen kolektiboa den CADE eta trenbide berriaren kontra dauden Errobi, Hego Lapurdi eta Aturri-Errobi herri elkargoetako hautetsiak dira.

Manifestazioa

Urriaren 27an AHTren kontrako martxa egingo dute Baionan. Bizi!-k Pauen zintzilikatu zuen pankartan bertan parte hartzeko deia zabaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo