Fredi Paia Bertsolaria
Nostalgiaren botoa
Hiru arimak muntatu eta Europan lehiakorra izango den sozialismo eredua sortu eta gizartea bere onurez konbentzitu arte, sikiera, garenaren argazki ederra daHauteskundeak dira herriaren hitza. Argi dago euskal gizarteak debekatuta daukala gai askoren gaineko iritzia ematea, hori kulturalki definitu ezinak diren espainiar eta frantziar nazioei dagokie. Estatuek hori inposatu digute mehatxu bidez. Baina hauteskundeak direnean, herriak hitz egiten du.
Azter dezagun domekan Nafarroako mendebaldeko lurraldeetan entzun zena. Hasteko, herritarrek indar handienez egin zuten aukera abstentzioarena izan zen. Bozkatzera deituak izan zirenen artean gehiengoak botoa eman bazuen ere, instituzioekiko fede eza nabari da gure gizartean. Eta hori, beti bezala, arriskua edo aukera izan liteke.
Arriskua litzateke ezker abertzaleak hamarkadetako borrokaren ondorioz erakutsi duen sistemaren aurreko irudia ahuldu eta hautesleen begietara eredu hau kudeatzeko modu gizatiarrago huts bihurtuko balitz. Aukera, abstentzioaren erdia erakartzen duen indarra hegemonikoa litzatekeelako.
EAJ izan da hauteskunde hauetako garaile garbia. «¿Esperiencia o experimentos?» esaldia izan da euren giltza, gizartean bide egin duen ideia. Jatorriz Butroiko oinaztarra zen Jorge Manriqueren poemak zioena arnasten da euskal gizartean: «cualquiera tiempo pasado fue mejor». Krisi ekonomikoaren aurreko sasoiak desio dituzte, eta garai haiek EAJ-ri lotuta sentitzen dituzte. Gizarteak EAJri boterea emanda esan du etorkizun ekonomikoa iraganetik ahalik eta antzekoena gura duela. Urkulluk berak abisatu zien, inteligentzia handiz, garai haietara bueltatzea ezinezkoa izango dela. Baina tailer industrial txiki batean egin zuen bere azken argazkia, gure iraganeko ongizatearen tenpluan.
Iraganera bueltatu gura desesperazioaren sintoma bat da, ezinezkoa delako. Ostera, gizartearen zati handi batek uste du sistema honek berak sortutako arazoak konpontzeko gaitasuna duela, beti egon direla eta egongo direla krisiak, eta esperientzia gradu bat dela. Historikoki horrela izan bada ere, ekonomia eta zientzian adituek geroz eta kopuru handiagoan esaten dute hori amaitu zela. Esperientzia ez da arazoen konponketaren berme, arazoak sortu zituen pentsaeran oinarritzen bada. Einsteinek berak esan zuen «arazoak ezin konpon genitzake sortu genituenean erabilitako pentsaera berarekin». Baina EAJren bozkatzaileek baietz pentsatu gura dute. Eta ez gaitezen engainatu, hemen inor ez da inor baino azkarragoa, baliteke arrazoi izatea.
Beste sektore garrantzitsuena, EH Bilduk ordezkatu duena, Eskorbuto talde mitikoaren esaldi itxuraldatu batekin definituko nuke: «el pasado ha pasado y por el nada hay que hacer, el presente va por buen camino pero el futuro no se ve». Emaitzak oso onak izan dira. Hiru arimak muntatu eta Europan lehiakorra izango den sozialismo eredua sortu eta gizartea bere onurez konbentzitu arte, sikiera, garenaren argazki ederra da. Ezker independentistaren oinarria sendotu da, indar handia daukagu, baina hitz handietara heltzeko bidearen urrats bakoitza definitu arte ez dugu irabaziko. EAJk Ibarretxeren plana dauka, eta neoliberalismo global samurtuaren biblia. Guk, fede oneko jende prestatu eta langileaz gain, zer daukagu?